TS Fundicioneseko langileek ultimatuma jaso dute. Bihar eguerdiko hamabietarako zuzendaritzak egindako azken proposamena onartzen ez badute "boluntarioki", enpresa konkurtsora sartu eta itxi egingo dutela ohartarazi diete nagusiek. "Langileoi etxera gutun bat bidali digute hori esanez. Baina, gezurra diote. Gutunean esaten dute langileok uko egiten ari garela lan egiteari, eta hori gezur hutsa da", azaldu diote gaur TSko langileek UROLA KOSTAKO HiITZAri. Langileen arabera, langileak egunero joaten dira lanera, baina gehiengoarentzako lanik ez dago, "lantegia hustu egin dutelako eta lanik ez dutelako sartzen". Langileen ehuneko txiki bat bakarrik ari da lanean, rebarbakoak. "Pieza gutxi batzuk daude bukatzeko, eta horiek bukatzeko agindu diete. Rebarbakoak jo eta su ari dira pieza horiek bukatzeko lanean. Beraz, ez dezatela esan langileok lanerako prest ez gaudenik", salatu dute beharginek. Langileen ustez, "nagusiek TS itxi egin nahi dute eta horren errua langileoi leporatu nahi digute. Guk lan egiteari uko egiten diogula esanez gu haserrarazi nahi gaituzte, ez besterik".