Lasaon topatu dute Jon Contrerasen gorpua

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 26a

Lasaoko gasolindegitik gertu, ertzainak (Nerea Uranga/Hitza) Urola ibaian, Azpeitia eta Zestoa artean, Lasaoko lurretan topatu dute 22 urteko azpeitiarraren gorpua. Herrizaingo Sailak konfirmatu du 10:45an aurkitu dutela, eta hipotesi nagusia da ibaiak eraman duela bertaraino. Lasaoko gasolindegi inguruan, Uresaundi eta Oielantzun baserrietako bidegurutze inguruan aritu dira ertzainak lanean. Bidegurutze zati bat zintekin itxita izan dute, eta berriz zabaldu dute, behin Contrerasen gorpua handik eraman dutenean. 11:30ak aldean izan da. HITZAk jakin duenez, gorpuak ez du indarkeria zantzurik. Hala adierazi diote Sos Deiak laguntza zerbitzuko kideek udaltzainei. Dena dela, autopsia egingo diote gazteari. Igande goizaldeaz geroztik zegoen desagertuta, eta gaur goizean hasi dira haren bila, 08:00etan. Azpeitiko Udalak, kaleratutako ohar baten bidez, bere samina adierazi du Jon Contreras gaztearen heriotzaren aurrean eta dolumina azaldu die familiari eta lagunei, "Udalak elkartasun osoa agertu nahi die une latz eta gogor hauetan". Era berean, gaztearen ezbeharreko heriotzaren nondik norakoak ahalik eta azkarren argitzeko eskatu du Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide