Aranburu, WCTtik geroz eta gertuago

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 26a

Aritz Aranburu Haleiwan, Reef Hawaiian Pro txapelketan lehiatzen . (Argazkia: ASP) «Oso gustura» dago Aritz Aranburu surflari zarauztarra, hainbat hedabideri adierazi dionez. Hainbat egunez proba geldituta egon ostean, herenegun jokatu zituzten Reef Hawaiian Pro txapelketako final-laurdenak, finalaurrekoa eta finala, Haleiwan. Aritz Aranburuk maila ona erakutsi zuen final-laurdenekotan—14.60 punturekin bigarren sailkatu zen—, eta Fredrick Patacchia hawaiiarraren, Jeremy Flores frantziarraren eta Dane Reynolds estatubatuarraren kontra lehiatzea egokitu zitzaion finalaurreko proban. Txandako olatu onena—8.17 puntukoa— hartu bazuen ere, deskalifikatu egin zuten. Patacchiaren olatu bera hartu zuen, eta lehentasunagatik hawaiiarrari zegokiolako, ez zioten kontuan hartu. Hori dela eta, laugarren amaitu zuen txanda zarauztarrak finalean lehiatzeko aukera galduz. Horregatik «sentsazio gazi-gozoa» duen arren, «pozik» dago lortutako puntuaziorekin. «Puntu garrantzitsuak lortu ditut datorren denboraldian munduko 32 surflari onenen artean lehiatzeko». Hodei Collazo zarauztarra, bere aldetik, laugarren postuan sailkatu zen final-laurdenekotan, 8.27ko puntuazioarekin, eta ez zen hurrengo txandara igaro. Michel Bourez tahitiarrak irabazi du aurtengo Reef Hawaiian Pro surf txapelketa. Sunset, azken aukera Sailkapen horien ostean, munduko surflari onenen zerrendan 61. postuan dago Collazo, eta 25. postuan Aranburu. Horrek Hawaiiko bigarren proba jokatuko du—hiru probek osatzen dute Vans Triple Crown txapelketa hirukoitza: Reef Hawaiian Pro, Vans World Cup of surfing eta Billabong Pipe Master-ek— datozen egunetan, Sunset Beach-en. Bertan lortutako emaitza erabakigarria izango da 2014an munduko 32 surflari onenen lehiatuko den ala ez jakiteko. Hala ere ez dago guztia bere esku; gainerako lehiakideen puntuazioak sailkapen orokorrean eragingo baitu. Gainera, azken proba, Pipelinekoa WCTko surflariek soilik jokatuko dute. Alde horretatik proba bat gutxiago izango du Aranburuk gaur egungo postua mantentzeko. Aranburu 2007an aritu zen WCT mailan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide