Ekaitz Sirvent preso zarauztarra epaitzen hasi dira gaur Parisen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 25a

Gaur hasi dute Ekaitz Sirvent zarauztarraren kontrako epaiketa Parisen. Harekin batera epaitzen ari dira beste bi preso—bat kalean dago, osasun arazoak direla medio, eta datozen saioetan ere hiruren kasuak «nahastuta» aztertuko dituztela jakinarazi du Sirventen senide batek. Haren arabera, gaur ETAz eta bakoitzaren soslaiaz aritu dira, eta Sirventek ez du hitz egin nahi izan bere soslaiaz. Amaieran senitartekoek zein lagunek harekin egoteko aukera izan dute, eta jakinarazi dute «oso lasai» dagoela, «pozik eta uneoro irribarretsu». Epaiketak hiru aste iraungo du. Lehenbiziko astean zergen inguruan jardungo dute epaitegian, bigarren astean faltsifikazioez eta azkenengoan, berriz, atxiloketez. Senitartekoez gain hainbat zarauztar izan da gaur Parisen, eta epaiketak irauten duen bitartean asko bertaratuko dira epaiketa bertatik bertara jarraitu eta Sirventi babesa agertzeko. Hain zuzen,  autobusa antolatu dute abenduaren 5erako. Iluntzeko 20:00etan irtengo da Zarauztik, hurrengo egunean Parisen bertan izateko. Saioaren ostean itzuliko dira zarauztarrak herrira. Interesa dutenek Arrano tabernan eman beharko dute izena. 2009ko apirilaren 10ean atxilotu zuten, Parisen.Hiru egunen buruan eraman zuten Laurence Le Vert epailearen aurrera, eta Fiskaltzak espetxeratzeko eskatu zuen. Horrez gain, sumario bat irekitzea ere galdegin zuen, ETAko talde politikoko kide eta dokumentu faltsuak egiteko taldeko buru izatea, faltsututako dokumentuak izatea, armak edukitzea eta garraiatzea, eta lapurreta batetik ateratako arma edukitzea leporatuta. Parisko La Santeko espetxean dago ordutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide