Bi kideren kaleratzea salatu dute Gerdauko langileek

Ane Olaizola 2013ko azaroaren 25a

Langileak, gaur, enpresaren aurrean (Ane Olaizola/Hitza) Gerdauko Azkoitiko fabrikako hainbat langilek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian enpresa aurrean, azpikontratatutako harrerako bi laguntzaileen kaleratzea salatzeko. Azkoitiko enpresa batzordeak (ELA, CCOO, LAB, USO, UGT) deituta egin dute elkarretaratzea hogei langile inguruk. Adierazi dutenez, bi langileek dagoeneko jaso dute kaleratze gutuna, eta hasiera batean abenduaren 1ean kaleratuko dituzte. Guztira bost langile daude harrerako zerbitzuak egiten dituztenak enpresa horretan. Jakinarazi dutenez, bi zaintzaile azpikontratatu dituzte, eta horiek ordezkartuko dituzte harrerako langileak. «Zaintza zerbitzua areagotu nahi du zuzendaritzak. Zinpeko zaindariak hartu dituzte, eta harrerakoak zuzenean kaleratu dituzte». Enpresa batzordeak gogor salatu du zuzendaritzaren jarrera, «halako egoerari aurre egiteko ahalmena» baduelakoan. «Gerdauk duen indarra kontuan hartuta, argi eta garbi ikusten dugu ez zaiola batere kostatzen aurrekontua handitu eta zaindariak kontratatuta ere harrerako langileak mantentzea». Hori enpresarentzat «onargarria» dela berretsi dute langileek, enpresa ez dagoelako «egoera txarrean». Besteak beste, Langile Erregulazio Txostenik ez dute abiarazita, eta enpresa batzordearen arabera, gero eta tona gehiago ari da ekoizten lantegia. Salaketa jarrita Zuzendaritzak eta enpresa batzordeak bi bilera egin dituzte gaia lantzeko. «Baina zuzendaritzak ez du irtenbide garbirik eman», dio enpresa batzordeak. «Azkoitiko fabrikako zuzendaritzak esan du Brasildik — hangoa da enpresa— jaso duen agindua dela zaintza areagotu egin behar dela. Guk ez dugu hori ukatzen, baina harrerako langile laguntzaileek eguneko lanetan jardun dezaketela proposatu diegu, lan karga handitu egin delako». Gainera, zaintza lanak harrerako zereginekin uztartzea «legez kanpokoa» dela nabarmendu du. «Legeak dio zaintza lanek ezin dutela bateragarriak izan gainontzeko lanekin. Lan horretara soilik daude mugatuta zaindariak». Horren aurrean, salaketa jarri dute Donostiako Lan Ikuskaritzan. Kaleratzeen gaineko salaketa, berriz, abenduaren 1etik aurrera egingo dutela aurreratu dute. Gerdauren Legazpiko fabrikan dagoeneko harrerako bost langile ordezkatu dituzte zaindariek. «Aurretik ere saiatu dira Azkoitikoan halakoak egiten, baina langileek aurre egin, eta bertan behera geratu zen ahalegina. Orain, ordea, aurrea hartu dute», adierazi dute. Honen aurrean, ez dute baztertu mobilizazio gehiago egitea. HITZA Gerdauko zuzendaritzarekin hitz egiten saiatu da, baina ez du erantzunik jaso.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide