Getarian egin berri duten elkarretaratzearen irudi bat (Aiora Larrañaga/Hitza)
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna izan da, eta «mota eta intentsitate guztietako indarkeria matxistari» aurre egiteko beharra aldarrikatu dute Urola Kostako erakunde, eragile eta norbanako askok. Elkarretaratzeak egin dituzte iluntzean hainbat herritan: Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen, Zumaian, Getarian eta Orion, besteak beste.
Askotan gizarte eragileek indarkeria matxistaren alderik gordinena salatzen badute ere, indarkeria horrek «era askotako aurpegi eta adierazpideak» dituela gogorarazi dute, eta arrazoietako bat «desberdintasunean oinarritutako giza harremanak» sortzen jarraitzea dela salatu dute. Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria etxean pairatzeaz gain, emakume askok «eremu publikoan hainbat portaera matxista» jasaten dutela gogorarazi dute.
Zarauzko elkarretaratzeko irudi bat (Amaia Ventas/Hitza)
Azkoitiko elkarretaratzeko irudi bat (Ane Olaizola/Hitza)
Zumaian ikasleek indarkeria matxistaren kontra giza katea egin dute (Argazkia: Zumaiako Udala)
Askotan gizartean normaltzat hartzen den hainbat jokabidek «mikro eraso sexistak erakusten» dituztela nabarmendu du, esaterako, Zarauzko Udalak. «Nesken sexualizazio etengabea, emakumeen gorputza desira objektu gisa ikustea, edota hurbilketa sexualeko estrategia gisa hartuz jazarpena naturalizatzea» mikro eraso horien adibidetzat aurkeztu dituzte.
Bestalde, Zumaiako Udalak gogorarazi du argi izan behar dela eraso matxistak ez direla gizon gutxi batzuek jokabide soilak. «Emakumeen eta gizonen bizitza antolatzeko eraikitako eredu baten parte dira, emakumeei denbora kentzean eta emakumeen gorputza, afektuak eta lana gizonen oinarrira jartzera oinarritzen dena».
Gizartean errotuta dagoen eredu matxistari aurre egiteko, umetatik hezkuntza afektibo sexuala ematea «ezinbestekoa» dela uste dute eragileek. «Horrela bakarrik sortuko dira errespetuan eta parekidetasunean oinarritutako bikote harremanak eta sexualitatea».
Gainera, Zumaiako Udalak adierazi du indarkeria ez litzatekeela indarrean egongo, hori legitimatzen, justifikatzen eta ahalbidetzen duten gizarteratze bitarteko batzuk indarrean egongo ez balira. «Erlijioak, hizkerak, komunikabideek, familiak eta hezkuntzak zeresan handia dute indarkeria iraunarazten laguntzen duen gizarteratzean».
Euskal Herriko Bilgune Feministak
Beldurrak gurekin jai! lelopean, autodefentsa aldarrikatu du indarkeria matxistari aurre egiteko bidea bezala. «Erakundeek zein komunikabideek emakumeok subjektu pasibo gisa aurkezten gaituzte, beti salbatzailearen, printze urdinaren zain dauden emakumeen modura. Autoestimuaren lanketatik eta feminismotik abiatzen den jarduna da autodefentsa feminista, eta hori garatzea ezinbestekoa da».
Konpromisoak
Emakumeen aurkako indarkeriari irtenbidea emateko beharraren jakitun dira eskualdeko udalak, eta Zarauzko eta Zumaiako udalek hainbat konpromiso hartu dituzte ildo horretan.
Alde batetik, emakumeen ahalduntzea sustatzeko eremu komunak sortzeko eta baliabideekin indartzeko konpromisoa hartu dute bi udalek. Horrela «emakumeek desberdintasunei, ahultasunei eta indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezkoak dituzten tresnak» eskaini nahi dizkiete.
Bestetik, erakunde mailan berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako «udal politika aktibo, oso eta parte-hartzaileak» garatzeko konpromisoa hartu dute.
Indarkeria matxista bukatzea gizarte osoaren ardura dela gogorarazi zuten erakundeek atzo, eta bide horretatik lan kolektiboa indartzen jarraitzeko beharra nabarmendu zuten elkarretaratzeetan.
Ekitaldiak
Azkoitia
- Abenduaren 13tik 20ra. Emakumeentzako autodefentsa tailerra. Zortzi ordukoa da, doan, 15:00etatik 21:00etara. Izena abenduaren 11rako eman behar da, Udaleko Gizarte Zerbitzuetan (943-85 71 74) edo gizar@azkoitia.net helbidean.
Zumaia
- Abenduak 14 eta urtarrilak 18. 10:00etatik 14:00etara autodefentsa tailerra.
- Abenduak 26 eta 27, eta urtarrilak 3. 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako hezkidetza tailerra, berdintasuna eta autonomia helburu duena. Haurrak hezkidetzan hezteko tailerra.