Gari Berasaluze Euskara zinegotzia, Euskararen Eguneko itsaskor lehiaketako irabazleekin. Amaia Ventas
Gaur eguerdian banatu dituzte Euskararen Egunaren harira urtero antolatzen dute itsaskor lehiaketako sariak. Aurten Itsaso Aizpuruak irabazi du,
Hitzez, zeinuz, idatziz euskaraz bizi! lanagatik. 100 euro eskuratu ditu hala, euskarazko kultur produktuak erosteko. Hiru aipamen ere egin ditu epaimahaiak, Markel Velez, Maddi Gomez eta Nerea Fernandezen lanei, hain zuzen. Horiek 30 euro irabazi dituzte.
Sari banaketa horrekin abiatu dute Euskararen Egunaren aitzakian Zarauzko Udalak herriko ikastetxeen eta Gurutxurtu taldearen laguntzarekin antolatu duen egitaraua. Bihar izango da bigarren hitzordua. Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez musikariek
Baga, Biga, Higa kantaldia eskainiko diete herriko ikasleei bi txandatan: 0815ean eta 11:30ean. Gari Berasaluze Euskara zinegotziak azaldu ditu ekitaldi horren nondik norakoak: "12-14 urteko gazteek Mikel Laboa eta Xabier Lete ez ezagutzea posible zela pentsatu zuen Eñautek (Elorrieta). Hori dela eta, Mikel Markezekin euskal kantagintzaren historia kantatzea eta kontatzea okurritu zitzaion". Horixe egingo dute, Modelon.
Arratsaldean, berriz, Imanol Urbietaren omenez hainbat eta hainbat musikarik osatu duten
Bakarrik eta libre diskoa aurkeztuko dute, 19:00etatik aurrera. Haren inguruko zenbait bideo erakutsi eta zuzenekoak ere izango dira Modelon.
Basarriri omenaldia
Inazio Eizmendi
Basarri jaio zela 100 urte bete direnez aurten, hari ere omenaldia egitea erabaki dute Euskaren Egunaren harira. Ildo horretatik, asteazkenean hari buruzko erakusketa zabalduko dute Sanz Enea kultur etxean, 12:30ean. Ostiralean, hilaren 29an, Euskaltzaindiak omenduko du Basarri. Osoko bilkura Zarautzen egingo du, udaletxeko pleno aretoan eta ondoren, eguerdian ekitaldi irekia eskainiko du leku berean. 22:00etatik aurrera, berriz,
Basarritik, Azken Portura bertso ikuskizuna egingo dute kiroldegian.
Larunbatean izango da, ordea, ekitaldi nagusia. Urtero legez, kalez kale kantu jira egingo dute herritarrek. Donibane plazan hasiko dira 17:15ean eta Geltoki, Torre Luzea eta Musika Plazan jardungo dute euskarazko kantu herrikoak abesten, festa giroan. Amaieran, Gurutxurtuk txokolate beroa eskainiko die parte-hartzaileei.
Abenduaren 4ean izango da Euskararen Egunaren harira antolatutako azken ekitaldia. Asier Altunaren hainbat film labur eskainiko dituzte Modelon:
Topeka,
Sarean,
Artalde eta
Zela Trovke. Azken hori aurten Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Altunak, eta istoriako protagonista, Maite Larburu musikari hernaniarra ere bertan izango da. Solasaldia egingo dute emanaldiaren ostean, eta Larburuk zuzenekoa eskainiko du,
Ura patrikan diskoa aurkezteko. 19:00etatik aurrera izango da hori guztia.