Zarauzko Udalaren adierazpena

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 25a

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Zarauzko Udalak lehenik eta behin azpimarratu nahi du alor horretan behar-beharrezkoa dela politikarien eta herritarren arteko adostasunean eta konpromisoan sakontzea.

Jendeak indarkeria matxistaren alderik gordinena ikusten eta ezagutzen badu ere, berez, indarkeria horrek era askotako aurpegi eta adierazpideak ditu, eta emakume guztiei (gazte eta zahar) eragiten die bizitza osoan zehar. Indarkeria matxista etxean nozitzen dute emakumeek, baina baita eremu publikoan ere, mota eta intentsitate desberdineko hainbat portaera matxista eta bortitzen bitartez.

Gainera, etxeko indarkeria matxistaren kasuan bestelako biktima zuzenak pairatzen dituzte indarkeriaren ondorioak, seme-alabak eta emakumearen kargu egon daitezkeen adineko pertsonak. Haiengan ere arreta berezia jarri behar dugu.

Bestalde, normaltzat hartzen ditugun zenbait faktorek ere beste horrenbeste mikroeraso sexista erakusten dizkigute. Esate baterako, nesken sexualizazio etengabeak, emakumearen gorputza desira-objektu gisa ikusteak, bere ekintzen erantzukizun orotik salbuesten duen sexualitate kontrolaezineko gizonaren estereotipoak edota hurbilketa sexualeko estrategia gisa hartuz jazarpena naturalizatzeak.

Horregatik guztiagatik, Udal honek honako konpromiso hauek hartu ditu:

- Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, oso, parte-hartzaile eta koordinatua garatzea.

- Herritarren esku jartzea beharrezkoak diren eta Udalak eskueran dituen mekanismo pertsonal eta material publikoak, helburua delarik indarkeria sexista prebenitzea eta indarkeria horren biktimei arreta osoa eskaintzea.

- Berdintasun politikak garatzeko baliabideak urtetik urtera indartzea.

- Emakumeen ahalduntzea sustatzeko eremu komunak sortzea eta baliabideekin indartzea: jabetze eskola, Emakumeen Etxea... Hau da, emakumeei, banaka zein taldeka, bultzada bat ematea eskura eduki ditzaten desberdintasunei, ahultasunari eta indarkeria matxistari aurre egiteko behar dituzten tresnak.

Azkenik, herritar guztiei dei egiten diegu Zarauzko Udaleko Parekidetasun Departamentuak, Emakumeen Kontseiluak eta Mugimendu Feministak elkarlanean egun horretarako antolatutako jarduera eta mobilizazio guztiekin bat egiteko.

Egun horretan kalera irten behar dugu, eta oihukatu borrokan jarraituko dugula emakumeok mota guztietako indarkeria matxistatik aske izan arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide