Michel Bourez tahitiarrak irabazi du aurtengo Reef Hawaiian Pro surf txapelketa. Hainbat egunez proba geldituta egon ostean, atzo jokatu zituzten final-laurdenak, finalaurrekoa eta finala, Haleiwan. Hodei Collazo laugarren postuan sailkatu zen final-laurdenekotan, 8.27ko puntuazioarekin, eta ez zen hurrengo probara pasatu. Aritz Aranburuk maila ona—14.60 punturekin bigarren sailkatu zen— erakutsi zuen final-laurdenekotan, eta Fredrick Patacchia hawaiiarraren, Jeremy Flores frantziarraren eta Dane Reynolds estatubatuarraren kontra lehiatzea egokitu zitzaion finalaurreko proban. Txandako olatu onena—8.17 puntukoa— hartu bazuen ere, deskalifikatu egin zuten. Patacchiaren olatu bera hartu eta lehentasunagatik hawaiiarrari zegokiolako ez zioten kontuan hartu. Hori dela eta, laugarren amaitu zuen txanda zarauztarrak finalean lehiatzeko aukera galduz.
Sailkapen horien ostean, munduko surflari onenen zerrendan 61. postuan dago Collazo eta 25. postuan Aranburu. Horrek orain Hawaiiko bigarren proba jokatuko du—hiru probek osatzen dute Vans Triple Crown txapelketa hirukoitza: Reef Hawaiian Pro, Vans World Cup of surfing eta Billabong Pipe Master-ek—, Sunseten. Bertan lortutako emaitza garrantzitsua izango da datorren urtean munduko 32 surflari onenen lehiatuko den ala ez jakiteko.
Hala ere ez dago guztia bere esku; gainerako lehiakideen puntuazioak sailkapen orokorrean eragingo baitu. Gainera, azken proba, Pipelinekoa WCTko surflariek soilik jokatuko dute. Alde horretatik proba bat gutxiago izango du zarauztarrak gaur egungo postua mantentzeko.
Aranburu 2007an sartu zen WCT mailan, eta munduko 32 surflari onenen artean lehiatu zen.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide