2014ko Kilometrotako aurkezpen ekitaldia.
Atzo iluntzean aurkeztu zuten Orioko Herri Ikastolako kideek 2014ko Kilometroak Jaia jendaurrean eta jendez gainezka izan zen Orioko Karela Kiroldegia. Aspalditik herrian beste galderarik ez zen oriotarren artean: "Zein izango ote da Kilometrotako leloa?". Arrantzarekin lotura zuela zabaldu zen herritarren artean eta batek baino gehiagok beren proposamenak ere egin zituzten. Hilabetetan sekretupean izan ondoren atzo jakinarazi zuten leloa.
Erria txikota!oihuak hartuko du Orio datorren urte betean, herritarrak eta gipuzkoarrak 2014ko urriaren 5an ospatuko den festa handirako girotzeko. Kolorez eta ilusioz beteriko aurkezpen ekitaldia izan zen atzokoa eta erronka oriotar guztien artean elkarlanean gainditzeko grina argi ikusi zen ekitaldira bertaratu zirenen artean.