Dagoeneko 633 bikotek eman dute izena Zarauzko XXXV. Bikote Mistoen Krosean parte hartzeko

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 22a

Iaz 1146 korrikalarik hartu zuten parte Bikote Mistoen Lasterketan. Leire Ventas Abenduaren 1ean izango da XXXV. Bikote Mistoen Kros arrakastatsua eta dagoeneko 633 bikotek eman dute Zarauzko Kirol Elkarteko Atletismo Sailak antolatutako  proba ireki horretan izena. Iaz plazak aldez aurretik agortu zirenez, azken unera arte ez uzteko eskatu dute. Interesa dutenek aurrez eman dezakete izena, hilaren 29a baino lehen. Horretarako, herrikrossa.com webgunean sartu edota Helmuga Kirolak dendara (Zigordia kalea, 50) jo  beharko dute, eta 20 euro ordaindu bikoteko—ordainketa lasterketa aurreko egunetan egin beharko da—. Baldintza bakarra bete beharko da: 16 urtetik gora izatea eta gizon eta emakumez osatuta egotea bikotea. Proba jokatu aurretik korrikalariek parte-hartzaileen zerrendan euren izena egiaztatzeko gomendatu dute antolatzaileek. Korrikalariek ziurtatu beharko dute, halaber, zerrendan izenaren alboan ordaindu dutela ageri dela. Hala ez bada,  ordainagiria erakutsi beharko da lasterketa egunean edota egun horretan ezarritako prezio pagatu. Egunean bertan ere eman ahalko da izena, proba hasi baino ordu erdi lehenago, 30 euroren truke. 11:30ean ekingo diote lasterketari Zarauzko Aritzbatalde kiroldegi kanpotik, eta Musika Plazan amaituko dute. Herrian zehar 7,5 kilometro korritu beharko dituzte parte-hartzaileek, eta gehienez ordubete izango dute helmugara iristeko. Bikoteak elkarrekin igaro beharko dute helmuga. Ez badute hori betetzen, lehiaketatik kanporatu egingo dituzte, eta saririk jaso gabe gera daitezke. Azken urtetan bezala, ez dute txipik banatuko; dortsal bakoitzak eramango du txip bat. Denbora  probaren hasieran eta amaieran kokatuko dute alfonbraren azpiko gailuarekin neurtuko dute. Probaren egunean banatuko dituzte horiek. Partaideek txip propioa baldin badaukate, hori erabili ahalko dute. Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketaren marka Ion Unanue eta Ainhoan Murua zarauztarrek dute, 27 minutu eta 7 segundotan lortu baitzuten ibilbidea osatzea aurreko proba batean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide