Xanti Rodriguezen ‘Alizia’ nazioartera iritsi da

Aritz Mutiozabal 2013ko azaroaren 22a

Alizia herrialde miresgarria lanean oinarritutako argazkia hautatu diote argazkilari azpeitiarrari. (Argazkia: Xanti Rodriguez) Espainiako Argazkigintzako eta Irudigintzako Profesionalen Federazioak (FEPFI) Xanti Rodriguez argazkilari azpeitiarraren irudi bat aukeratu du Munduko Argazki Koparako (WPC). «Sariketa hau antolatu duten lehen aldia da, Europako eta Ameriketako argazki federazioen ekimenez. Herrialde ezberdinetako federazioek norbere herrialdeko hautaketa bat egin dute, eta, nolabait esateko, Espainiako selekzio moduko bat egin dute, eta horien artean nago». Guztira, munduko 22 herrialdeetako federazioek hartuko dute parte lehiaketan. Aurretiko aukeraketa batean 36 argazki hautatu zituen FEPFIko epaimahaiak, eta horietatik 18 aukeratu zituzten Munduko Argazki Koparako; gainerako 18ak erreserba gisa geratu dira, argazkiren batekin autore eskubide baldintzak betetzen ez baditu. «Federazioko epaimahaiak aukeratu zuen nire argazkia, ni ezer aurkeztu gabe». Alde horretatik, «ezusteko ederra» izan dela dio argazkilariak. «Epaimahai bat sortu zuten, eta horrek azken urteetako lanik esanguratsuenak aztertu zituzten. Hori horrela, beraientzako irudirik onenak zirenak hautatu zituzten. Sariketa hainbat ataletan banatuta dago, eta nire argazkia arte-digitalaren atalerako aukeratu dute». Atal bakoitzeko irabazle bana izango da,eta, aldi berean, herrialde irabazlea ere aukeratuko dute. Urte bukaeran emango dute jakitera Munduko. «Alizia herrialde miresgarrian lana oinarri hartuta halako sail bat landu nuen, eta argazki haiek iaz argitaratutako Fotografia y cine de animacion liburuan erabili nituen eredu bezala. Beraz, aukeratu duten argazkia sail horretako bat da. Alizia-ren pasarte bat da nire ikuspegitik begiratuta, eta emakume bat agertzen da erloju handi baten gainean eserita, xakeko taulako zoruan. Fantasia ukitu horrek eman dezakeen jokoa baliatuz egindako irudia da», nabarmendu du. Argazkilari azpeitiarraren izena ezaguna da nazioarteko argazki sariketetan; iaz, esaterako, Europako Urrezko Kamera lortu zuen, eta Los Angeleseko (AEB) International Photo Awardsen bi sari jaso. Aurten mundu mailako aitorpena etorri dakioke, baina berak zuhurki jokatu nahi du. «Hor egote hutsa jada sari handia da niretzat. Gero, sariren bat lortuz gero, asko hobeto. Konplexua da, munduko onenak daudelako, baina batek daki. Itxaropena ez da inoiz galtzen, baina oinak betiere lurrean izanda». Irabazleek ez dute sari ekonomikorik jasotzen, baizik norbere lana katalogoetan argitaratzen dute eta arte-galerietarako nahiz nazioarteko argazki azoka garrantzitsuetakorako arteak zabaltzen zaizkio. «Momentuko dirua baino hobea da. Azken finean, hori da bezeroak zuregana erakartzeko promoziorik onena» . Bestalde, musika taldeekin kolaboratzen jarraitzen du, diskoetako azalak diseinatzen. Berriki Su Ta Gar taldearen diskoa landu du, baita Mago de Oz madildarrek aurki merkaturatuko duten lan berria ere. «Orain beste era batera praktikatzen dut musika».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide