Aita-semeak, Azpeitian Erniarraitz Bertso Eskolaren egoitzan entrenatzen (Aitor Manterola/Hitza)
[Aitor Manterola] Beñat Lizasoren bidea Txapelketa Nagusian joan zen larunbatean amaitu zen, Oiartzunen. Finalerdietako lehen itzulian aurkitu du muga. Baina gustura dago egin zuen lanarekin: «Oro har, pozik geratu naiz egindakoarekin. Une batean
lapsus antzeko bat izan nuen, baina bestela lasai ibili nintzen. Egia da beti dagoela zer hobetua, baina larunbaterako neure buruari jarri nion helburua bete nuen. Neu izatea nahi nuen, eta une batzuetan lortu nuen entzuleengana iristea kantatzen».
Balioa eman nahi dio Txapelketan egindako bideari: «Hori hor dago, eta asko kostatzen da honaino heltzea. Hurrengorako heldulekua hor izango dut».
Lizasotarren etxean, duda handirik ez da aita-semeak non dauden galdetzen bada. «Bertsotan», erantzungo du ziurrenik amak. Bertsolariak baitira biak, aita eta semea, aitona zen bezalaxe. Aurkezpen handirik ez dute behar, egia esatera, bertsolaritzako ikur handienetakoa baita Lizaso sendia.
UROLA KOSTAKO HITZA aurreko astean bildu zen aita-semeekin, larunbateko saioaren aurretik. Bertsotan harrapatu zituen kazetariak Azpeitian, Erniarraitz Bertso Eskolan. Zertan eta non bestela. Beñat Lizaso (Azpeitia, 1982) ordurako azaldu zen hitzordura. Eta pixka bat geroago Sebastian Lizaso (Azpeitia, 1958). Eztarri sendoa agerian uzten du ahotsak. Semeak jarri zuen hitzordurako lekua: «Gero, solasaldia amaitzean, prestatzen segitu behar dudalako larunbateko saiorako». Aita zuen lagun prestaketetan.
Beñatek lehen aldia izan du Euskal Herriko Txapelketan. Kanpoan geratu zen Oiartzungo saioan, larunbatean, seigarren postuan sailkatuta, baina aurrekoan, Legazpin, bigarren egin zuen. «Oso gaizki pasatu nuen Legazpin. Oso lasai joan nintzen, baina gero urduri jarri nintzen, eta bukaera batzuk ahaztuta eta ibili nintzen». Legazpiko «sentsazio txarra» gainetik kendu nahian, Oiartzunen «hau naiz ni» aldarrikatu nahi zuela zioen pasa den astean. Aita ere baikor zegoen, baina zuhur: «Hemen egiten duen hainbeste egiten badu, egingo du, eta aukera izango du finalerdietako bigarren itzulira pasatzeko. Baina zaila da plazan hemen bezala aritzea». Bigarren itzulira pasatzea baino beste helburu batzuk bazituen, ordea, Beñat Lizasok: «Ez da edozein ailegatzen Euskal Herriko Txapelketara. Lortu nuen Gipuzkoakoan hemen aritzeko aukera, eta erakutsi nahi dut hor egoteko maila badudala, Euskal Herrikoan kantatzeko maila dudala. Ez dela kasualitatea izan ni hemen egotea», zioen Oiartzungo saioaren bezperetan. Baina ezin izan da, eta Txapelketatik kanpo geratu da.
Dena den, Beñatek ez zuen bere burua Barakaldoko (Bizkaia) BECeko oholtza gainean ikusten abenduaren 15an, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, 14.000 entzuleren aurrean. «Ezta nahi ere! Aitak ni sartzeko nik baino gogo gehiago dauka». Harrigarria zirudien erantzunak, baina argudiatu zuen: «Bizitza eginda daukat nik, eta ez daukat aldatzeko gogorik. Urtean hamabost bat saiorekin nahikoa dut. Bestela, saio pila bat izaten dira finalean sartuz gero, eta erre egingo nintzateke seguruena. Probatu dut asteburu batean hiru saio egiten, eta berriz ez».
Aitak beste ikuspuntu bat dauka. «Bakoitzak ikusten du zer egin. Baina ezin da ukatu paliza handia ematen diola buruari eta gorputzari urtean saio askotan ibili beharrak. Eta beste hau ere badu: gustuko gauza asko utzi behar izaten dira, asteburuetan etxetik kanpo egoten zarelako. Familiarekin ezin duzu egon, antzerkia, zinema, pilota, txirrindularitza... ezin dituzu ikusi asteburuetan. Asko ematen du bertsolaritzak, baina asko eskatzen du».
Bizitza egina dut
eta ez dut aldatu nahi;
nahikoa dut urtean hamabost bat saiorekin»
«Mikrofonorik gabe
kantatzeko gai izatea
Lizasotarren ezaugarria dela esaten dute»
Beñat Lizaso, bertsolaria
«Gizartearekin batera
aldatu da bertsolaritza:
baserritik kalera, eta kaletik unibertsitatera»
«Lehen bertsoa ekarri
egiten zen, eta bukaeran
jotzen zen muturrekoa»
Sebastian Lizaso, bertsolaria
Gaiekin bueltaka
Lizasotarren etxean, bestetan bertsolaritzaz asko hitz egiten bada, Txapelketa garaian ia ez da beste konturik izaten. «Asko aipatzen dugu. Asteburuko saioak nola joan diren, bertsolariek egindako lanak ere hizpide izaten ditugu...». Saioetako gaien inguruan egin dute gogoeta sakonena. «Bakarkako gaiak zabalegiak ari dira izaten», dio Sebastian Lizasok. «Eta, ondorioz, bertsolariak denbora asko pasatu behar izaten du pentsatzen zeri heldu, kantatzen hasi baino lehen. Entzulea kexatu egiten da bertsolariak denbora asko pasatzen duela pentsatzen, baina normala da, hain gai zabalekin». Beñat bat dator aitaren gogoeta horrekin, baina ñabardura bat jarri dio: «Hain zabalak izatean gauza asko etortzen zaizkizu burura, baina gustura ibiltzen naiz. Historia asmatu, bertsoak osatu...».
Beste tankera batean ikusten ditu zortziko txikiko gaiak: «Alferrik galtzen ari dela uste dut, neurri batean. Umore aldetik ez da saiorik lehertu ariketa horietan, eta lehen bai, garai batean lehertzen ziren umoretik». Sebastianek iritzi hau du umorearen inguruan; honela uztartu ditu bakarkako gaiak, ariketak eta umorea: «Arrazoi nagusia bukaeran botatzeko aukera gutxi uzten dute gai zabalek; gehiago dira narrazioa. Bertsolari gehienek, gainera, tragikora jotzen dute, eta umorerako aukera gutxi bakarkako gai horiek».
Bestelakoan, Txapelketako maila «ona ari da izaten», Sebastianen iritzian. «Ez da ezuste handirik egon. Orain mailak gora egingo du, gainera, zuzenean finalerdietan sartzen ari diren bertsolariekin. Horien maila onak besteen maila igoaraziko du». Eta honela biribildu du baieztapena: «Albokoak maila ona ematea beharrezkoa da bestea ondo aritzeko. Normalean, bertsolaria ez da albokoa kaltetzera joaten... Biek egiten dute saio bat edo ariketa bat ona. Batek bere burua salba dezake, baina ez da ona aterako saioa edo ariketa halakoetan». Beñaten ustez, ez da soilik gai kontua: «Bertsolariok ere serio aritzea bilatzen dugu askotan txapelketan». Ados dago aita: «Publikoa ere ezberdina izaten da. Saio guztietan lepo beteta daude lekuak, eta horrek kikildu egiten ditu bertsolari batzuk... eta ziurtatzera joaten dira».
Txapelketaz hainbat gogoeta
Askotan aipatu izan da lau urtez behineko Txapelketa honek zehazten dituela datozen urteetako plazetan zein ariko diren; hau da, Txapelketa honetan lan ona egiten duten bertsolariei plazetan aritzeko aukera zabaltzen zaiela. Neurri batean, ados da horrekin Sebastian Lizaso. «Ateak irekitzen ditu, baina gutxi batzuei mesede egiteko askoz gehiago uzten ditu bidean. Hala ere, eguneroko saioak ere zehazten du bertsolari bakoitzaren plaza kopurua. Badira bertsolariak finalera heldu eta gero saio gutxi izaten dituztenak. Beste batzuk, txapelketan atera ez eta saio pila bat egiten dituzte». Ondorioz, esan al daiteke plazak gaizki banatuta daudela urtean zehar? Ezetz dio Lizaso aitak: «Ez. Baina bertsolaria eskatzen duena publikoa da. Beñat eskatzen badute, ni joatea alferrik da. Eskubide osoa dauka bertsolaria aukeratzeko entzuleak. Batzuk gehiago ibiliko dira beti besteak baino; beste batzuk boladaka ibiltzen dira». Beñaten ustez, «normala da entzuleak onenak entzun nahi izatea».
Txapelketaren baitan hainbat aztergai eta gogoeta sortzen da, eta horien artean egon izan da, eta dago oraindik
ere, txapelketaren beharrezko izaera ezbaian jartzen duena, nahiz eta azkenaldian beharrezkoa dela dioenak indar handiagoa hartu duen. Sebastianek ez du dudarik kontu honetan: «Lau urtez behin bertsolaritzari indarra ematen dio, eta entzule berriak etortzen dira. Behar du bai bertsolaritzak Txapelketa Nagusia». Hala ere, ez du ukatu beste egoera hau: «Urtean zehar saioetara joaten ez den jende asko azaltzen da txapelketara, eta ez da benetako errealitatea. Aparrak behera egiten du gero, baina gorakada hori ona da, ez delako dena galtzen».
Jokatu dira urteen joanean hainbat Bertsolari Txapelketa Nagusi, eta kanpotik begiratuta, ematen du hor gertatzen direla bertsolaritzaren baitako bilakaera batzuk: doinu berriak, ariketa batzuk berreskuratzea eta abar. Baina Sebastian Lizaso ez dator bat uste horrekin: «Bertsolaritzak izan duen bilakera ez da txapelketetan soilik gertatu. Azken batean, bertsolaritzaren alderdi bat erakusteko da txapelketa. Asko aldatu da bertsolaritza urteetan. Gaien adibidea ona da, esaterako. Lehen, baserri giroko gaiak izaten ziren ia beti. Orain, denetarik dago. Bertsolaritza gizartearekin batera joan da aldatzen, ez da geratu duela berrogei urteko giro horretan. Baserritik kalera egin du, eta kaletik unibertsitatera».
Entzuleak ere aldatu egin direla. ez da dudarik: «Entzuleak ere ikasiak dira. Lehen gizonezkoak ziren ia denak, orain emakumeak asko dira; entzule gazteak ere asko daude. Emakume bertsolariek ere ekarpen handia egin dute. Lehen arraroa zen, eta orain ez zaio begiratzen emakumea ala gizonezkoa den». Bertsolarien bataz bestekoa adina ere asko jaitsi da txapelketetan. «Zaharrena 43 urtekoa da aurten —Jon Maia—. Gu 25 urterekin hasi ginen txapelketan, eta
ume koskor hauek nora doaz? esaten zigun jendeak. Geroago ere hasten zen lehen plazetan. Orain, bertso eskolatik plazara doaz zuzenean, azkar».
Etengabeko bilakaeran da bertsolaritza, eta hainbat proba ari da egiten bertsoarekin, hainbat esparrutan. «Doinu aukera handia dago orain; lehen, doinu batzuk bakarrik erabiltzen ziren. Neurriak ere aldatu egin dira. Proba asko ere ari da egiten: bertso jazza, bertso musikatuak...». Ez zuen halakoetan ariko zenik pentsatuko Sebastian Lizasok, bertsotan hasi zenean. Baina bilakaera horren lekuko izan da, eta eragile ere bai, bertsolari den aldetik.
(Aitor Manterola/Hitza)
Bertsokera zaharra galtzear?
Lizasotarren ezaugarria bertsotan aritzean beti izan da hau: klasikotasuna, garai bateko bertsokera zaharra. Bertsolaritza izaten ari den aldaketa horretan, bada kezkarik bertsokera hori bidean ez ote ari den galtzen. Ez datoz bat uste horrekin Lizaso aita-semeak. «Galtzear dagoenik ez dut uste. Bukaerako arrazoi eta erantzun indartsu horiek entzuleak estimatzen ditu oraindik. Gertatzen dena da bertsoa arrazoiz bete-betea datorrela orain goitik behera, eta bukaerak indarra izatea zailagoa da. Lehen bertsoa ekarri egiten zen, eta bukaeran jotzen zen muturrekoa».
Definizio horretan sartzen da batere duda izpirik gabe Joxe Lizaso zena. Oso berea zuen kantatzeko era eta bertsokera, eta bere ondorengo bi Lizasotarrek ere jarraitzen diote estilo hari. Eta harro, gainera, Beñatek dioen bezala: «Lizasotarren ezaugarria dela esaten da mikrofonorik gabe kantatzeko gai izatea; hala esaten digute, behintzat. Ez dut uste ezberdina naizenik aitona eta aitarengandik. Segida naiz ni. Konparatzen hasita, etxekoekin konparatuko nintzateke. Klasikotzat jotzen dut nire burua; bertsoa kargatu gabe asko, eta bukaeran arrazoi fuertea botatzea, hori da nire estiloa. Ezberdinak gara hirurok, baina bide beretsukoak».
Halako bertsoak entzungo zituen kazetariak Lizasotarren prestakuntza saioan geratu izan balitz. «Hartzen ditugu Txapelketako ariketak, eta bertsoak bota eta bota aritzen naiz. Maisu ona da aita, baina estu hartzen nau», kontatu zion semeak. «Beharko estu hartu», erantzun zion aitak. «Gero, saioan halako egoerak ateratzen bazaizkio, ezezagunak ez egiteko beharrezkoa da hori aurretik lantzea». Horretan geratu ziren aita-semeak, Oiartzungo saiorako prestatzekotan. Bertsotan. Lizasotarrak dira. 1986ko Txapelketa Nagusiko txapelduna, eta 2013ko Txapelketan debuta egin duena.