Joseba Permach: "Gerta daitekeena seme-alabei argi azaltzea aholkatzen dute"

Onintza Lete Arrieta 2013ko azaroaren 21a

(Onintza Lete Arrieta/Hitza) 35/02 sumarioan inputatuetako bat da Joseba Permach ezker abertzaleko politikaria (Donostia, 1969). ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatzen dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, eta 12 urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat. Esther Agirre bikotea ere inputatuta dago, eta 10 urteko kartzela zigorra jaso lezake hark. Epaiketak politikoki duen garrantziaz gainera, arlo pertsonalaz ere hitz egin du Permachek. Izan ere, hiru seme-alaba ditu bikoteak. Sumarioa ireki eta 11 urtera, urriaren erdialdean hasi zuten epaiketa, eta Madrilera bueltaka dabil ordutik Permach, beste hainbat inputaturekin batera. Epaiketa otsailean amaitzea aurreikusten dute. Epaia zein izan daitekeen aurreratzea zaila izango da, ezta? Hori ezin da jakin. Bestetik, Arnaldo Otegiren kasuarekin Gorenak jada ezarri du ETAko partaide izateagatik 6 urteko zigorra dela, eta zuzendaritza deituriko kasuan, 6 urte eta erdikoa. Nik uste dut zigorra egotekotan horrelakoa izan daitekeela. Espero dezagun absoluzioa izatea, baina badakigu norekin jolasten ari garen, eta hain zuzen jolastu bere zentzurik zehatzenean. Gazteen epaiketan dagoen Telleriari entzun nion aurrekoan: «Denek zorte ona opa digute, inork justiziarik ez duelako espero». Arrazoi. Madril aldean, pribatuan izan arren,  ez al dizuete onartzen epaiketa hauen zentzugabekeria? Orain artean ez dugu harreman handiegirik izan halakorik esan dezaketenekin. Egia da batean eta bestean, baita horrelako epaiketak defendatu dituztenak ere, poliki-poliki konturatzen ari direla honek ez duela inongo zentzurik. Gure kasuan 11 urte pasa dira, eta gainera epaiketa hauen guztien promotorea izan zen Baltasar Garzon epailea ere bere instruzioarengatik behintzat ez dute oso ondo epaitu Auzitegi Nazionalaren barruan. Baina nekez pentsa daiteke publikoki horrelako adierazpen borobilak egingo dituztenik. Zuretzat zer da 35/02 sumarioa? Ikuspuntu pertsonaletik, zama eragiten du hainbeste urtez aritzea pentsatzen lehenago edo geroago epaiketa iritsiko zela. Gure kasuan, saiatu gara bizitza normala egiten, aurrera egiten, ahalik eta ondorio gutxien izan zezan. Epaiketa iritsi da, hilabete iraungo du, eta kartzela eskariak oso handiak dira. Maila pertsonalean kezka eragiten digu horrek. Maila politikoa dago, bestetik. Erabaki politikoa izan zen gure jarduera politikoa ilegalizatzea. Alderdien Legearen onarpenarekin batera etorri zen gure suspentsioarena; hilabete gutxiren barruan gertatu ziren bi gauzak, eta argi dago ezker abertzalearen jarduera politikoa ilegalizatzeko eta  bertan behera uzteko estrategia baten barruan kokatzen dela. Halako epaiketa politikoak erabat salagarriak direla uste dugu, eta are gehiago Euskal Herrian egoera politiko berri bat ireki denean. Espainian, bai PSOEk, bai PPk, uste dute hain zuzen Alderdien Legeari esker utzi dituela armak ETAk. Argi dago batzuk indar eta ahalegin handia egiten ari direla, iraganari begira irakurketa bakar bat egiteko. Esan dezakete ilegalizazioak garaipenera eraman dituztela; baina errealitate gordina da egun ezkerrekoak eta abertzaleak diren sektoreek Euskal Herrian milaka eta milaka pertsonen babesa dutela. Pertsonak kartzelan sar daitezke, erakundeak legez kanpo utzi, baina ideiak, kasu honetan proiektu politiko batenak, oso indartsu ageri dira, eta herri honetako independentistak eta sektore ezkertiarrak gero eta gehiago gara. Parot doktrinaren ebazpenak aldarazi al dezake Espainiako auzitegien eta epaileen jarrera epaiketa honetan eta gero etorriko direnetan? Estrasburgoko epaiak indargabetu egin du Espainiako gobernuek urteetan ezarri duten kartzela politikaren maila gorenean dagoen lege hori. Hala, uste dugu egoera hau aprobetxatu beharko luketela gobernu espainiarrak nahiz instituzio judizialak eta espetxeetakoek, euskal presoen eskubideak errespetatzeko eta behingoan salbuespen egoera guztiak bertan behera uzteko. Baina ez dugu uste zuzenean Estrasburgoko epaiak ondorioak izango dituenik beste motatako sententzietan eta gurea bezalako epaiketa batean. Manifestazioak eta protestak egin dira epaiketa hauen kontra. Zuretzat gizartea behar beste babes erakustaldi eta presio ari al da egiten? Jasotzen ari garen atxikimenduak oso zabalak eta anitzak dira. Zoritxarrez, honelako epaiketa asko izan ditugu, eta ia-ia naturaltzat edo normaltzat hartzen ditugu. Gure ustez horrelako epaiketak salagarriak badira bere horretan, are salagarriagoak dira ETAk borroka armatua amaitu eta handik bi urtetara. Gatazka konpontzeko prozesu batek bete-betean martxan egon behar luke. Horregatik, aprobetxatu behar dugu Euskal Herrian behintzat PP bakarrik gelditu dadin horrelako epaiketak defendatzen.
(O.L.A./Hitza) Ez dute lortu politikoki guri gailentzerik, eta pertsonalki ere, noski, ez dute lortuko» «Halako epaiketa politikoak salagarriak dira erabat, are gehiago oraingo egoera berrian» «Sinistu behar dugu Estrasburgok bezala, Euskal Herriak ere egin ditzakeela urratsak»
Joseba Permach 35/02 sumarioan inputatua   Beste alderdiek zer jarrera erakutsi dute? Nola baloratzen duzue? Batetik, gure eta gazteen epaiketetan inputatuok bilerak eskatu dizkiegu alderdi politiko guztiei, eta PP eta UPN kenduta gainontzeko guztiekin bildu gara. Oso azpimarragarria da hori. Bestetik, epaiketa hauen izaera politikoa salatu eta bertan behera gelditzea aldarrikatzen duen manifestu batekin bat egin dute EAJk eta EH Bildu osatzen duten lau indar politikoek. Horrek esan nahi du herri honetako gehiengo politikoak bat egiten duela horrekin. Guretzat hori txalogarria da, edo behintzat eskertzekoa. Hamabi urteko kartzela zigorra eskatu dute zuretzat, eta 10 urtekoa zure bikotekidearentzat. Zure egoera pertsonala bereziki da gogorra. Egoera gogorra da guretzat, bai. Zorionez, Estherrek ez du beti aurkeztu behar epaiketan. Behin deklaratuta, epaiketaren azken egunera arte ez du joan beharrik izango. Hiru haur ditugula kontuan izanda, horrek nolabait lasaitu egin du egoera. Baina aurrera begira biontzat urte askotako eskaera dago, eta horrek pertsonalki ondorio larriak ditu. Ikusi beharko da azkenean zer gertatzen den, baina logikoa denez, guri eta, bereziki seme-alabei, era garrantzitsuan eragiten digu. Nola bizi dute hau seme-alabek? Azken 11 urteetan ahal bezain bizitza normalena egin dugu, ezinezkoa delako horrenbeste urte ezpata bizkarrean izango bagenu bezala bizitzea. Hori egin izan bagenu, gainera, Manex bera ez genukeen hemen izango, tartean jaio zelako, eta beraz guk hautu bat egin genuen. Politikoa, militatzea erabaki genuenean, eta gero inputatu gintuztenean, ahalik eta normaltasun gehienarekin bizitzekoa, jakitun, egunen batean epaiketa iritsiko zela. Eta iritsi da. Iritsi da, eta seme-alabekin partekatu dugu. Hasiera batean, normala den bezala, larritasunez bizi izan dute, eta noski, buelta asko emango dizkiote buruari. Gu saiatuko gara ahalik eta ondorio gutxien izan dezan. Bestetik, egunerokotasunean ez da larritasun hori ikusten, kakotx artean, aita eta ama Madrilera joan arren normaltasunez bueltatzen direlako bi edo hiru egunen bueltan. Zaila da ulertzea egoera oso larri baten aurrean egon gaitezkeela, egunerokotasunean oraindik ere ondorio horiek ez direlako bizi. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara. Adituek ere horrela esan digute; alegia, ez dugula ezer ezkutatu behar, etorri daitekeena ere argi eta garbi azaldu behar zailea seme-alabei. Zuen seme-alabek ondo dakite aita kartzelan egotea zer den. Bi urte eta erdi egin nituen kartzelan, eta umeentzat gogorra izan zen, normala den bezala. Guk esaten dugu hortik atera ginela, eta aurrera begira ere berdin-berdin aterako garela. Ez dute lortu politikoki guri gailentzerik, eta pertsonalki ere, noski, ez dute lortuko. Kartzelak asko aldatu al zaitu? Ondorio txar asko ditu kartzelak. Zer esan nahi du bi urte eta erdiko zigorrak zure seme-alabentzat, zure bikotearentzat, familia eta laguntzentzat? Baina badago beste gauza bat, ez dut esango positiboa, ez dudalako uste inork kartzela behar duenik hau ikasteko, baina egia da batzuetan kartzelan konturatzen zarela gauza txikien balioaz. Bakoitza den bezalakoa da, eta nork bere erara biziko du. Ez dakit ni aldatu egin naizen, baina esango nuke orain gauzak askoz gehiago estimatzen ditudala lehen baino; sentsazio hori dut behintzat. Inguruan uste duzu jendea ohartzen dela zure familiaren egoeraz? Ez. Esan bezala, epaiketa asko egon dira, eta uste dut jendeak ez duela sinistu nahi egoera berri honetan horrelako gauzak gerta daitezkeenik. Eta, normala den bezala, bakoitzak bere bizitza du, bere arazoak ditu, egoera ekonomiko oso zailean gaude, eta inguruan gero eta pertsona gehiago dituzu arazoekin. Etor daitekeena oso gogorra da, baina ez dakit denok konturatzen garen. Eta ez naiz egoera pertsonalei buruz bakarrik ari; zer eragingo luke horrelako egoera politiko berri batean 80 lagun kartzelara joateak? Horren harira, zuk zer mezu emango zenioke euskal gizarteari? Eta ezker abertzaleko militantziari? Gaur egun inork ez du ulertzen ez aplikatzen den kartzela politika, ez dispertsioa, ez epaiketa politiko hauek burutzea, eta norabide horretan bultzatzen jarraitu behar dugu salbuespen egoera horiekin amaitu arte. Sozialki bakarrik sentitzen direnean, orduan mugituko ditugu. Duela hiruzpalau urte egindako hausnarketan esaten genuen prozesuak aurrera egingo duela, euskal herritarren babesarekin eta nazioarteko komunitatearen laguntzarekin. Ikusi dugu nazioartean ere urrats positiboak egin daitezkeela, berriki Estrasburgok egin duen bezala, eta sinistu behar dugu Euskal Herrian ere posible dela eta posible izango dela urratsak egitea, azkenean bi estatuen estrategia horiek bertan behera uzteko. Arnaldo Otegik espetxean jarraitzen du. Zer mezu ematen dizue kartzela barrutik? Harremanetarako aukera gutxi dugu, besteak beste kartzelan egondakook ez dugulako eskubiderik beste preso bati bisita egiteko, eta, beraz, era batera edo bestera, bereziki bere lagun eta senitartekoen bitartez helarazten digu bere iritzia. Batez ere animoak eta irekitako bidean beldurrik gabe eta ausardiaz jokatzen jarraitu behar dugula dio. Berak esaten duen moduan, gero eta gutxiago Madrilera begira eta independentzia planteamendu garbi eta zehatz batean. Uste dut alde horretatik bera indartsu sentitzen dela. Nahi eta ezinean egongo da, ezta? Arnaldo Otegi kapital politiko bezala ikaragarria da, eta honelako egoera politiko batean hura bahituta egotea larria da. Nik uste dut berak gurekin hemen kanpoan egon nahi lukeela egoera politiko honetan eragin ahal izateko. Beraz, batetik egoeraren ilusioarekin edo konbentzimenduarekin dago, baina bestetik kartzelan horrelako egoera batean egoteak sortzen dizun nahi eta ezin gogor horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide