Ikasleentzako gune berria, Sanz Eneako sotoan. zuzarautz
Sanz Enea kultur etxeko sotoa egokitu eta ikasleentzako gune bihurtu du Zarauzko Udalak. Zarautz Ehuntzen planaren baitan egin du. 100 proiektuen artean gune hori sortzeko beharra nabarmendu zuen udalak urrian:
“Sanz Enea udal liburutegiak ikasleentzako gunea behar zuen aspaldidanik, azterketa garaian zein ikasturtean zehar baliagarria izan eta ikasleek beharrezko dituzten heziketa eta testu liburuetatik hurbil egongo dena. 2013-2014 ikasturtean ikasleentzako gune hori sortzea eta zabaltzea da Kultura Sailaren konpromisoetako bat”. Eta bete, bete du.
Astelehenean zabalduko dute gune berri hori, eta aurrerantzean erabilgarri izango da astelehenetik ostirlera, goizez 09:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 15:30-20:00 bitartean. Larunbatean ere bertara jo ahalko dute gazteek ikastera, 10:00etatik 13:00etara. Erabiltzaileek hainbat arau bete beharko dute, ikasgela behar bezala erabil dezaten. Zehazki horiek 16 urtetik gora izan beharko dituzte gela erabiltzeko. Ikasteko eta lan egiteko gela dela gogoratu du udalak, bestalde, "ez talde lanak egiteko". Horrekin batera, debekatuta egongo da bertan jan edota edatea, ezta erre ere, noski. Telefono mugikorrei bolumena kendu beharko zaie ikasgelara sartu bezain pronto eta erabateko isiltasuna mantendu beharko da. Bideo kameraz zaindutako gunea izango da, eta zerbitzua modu desegokian erabiliz gero, erabiltzaileei sarrera ukatzeko zein gela ixteko erabaki dezake Kultura sailak.