TSko nagusiek «onartu ezin den azken proposamena» helarazi die langileei

Nerea Uranga 2013ko azaroaren 21a

TS Fundicioneseko langileak eta zuzendaritzako ordezkariak atzo goizean bildu ziren beste behin. Zuzendaritzak «azkena eta definitiboa» den proposamena egin zien langileen ordezkariei, eta onartzen ez badute ostiralean enpresa konkurtsora sartuko dutela esan die. Langileek UROLA KOSTAKO HITZA-ri azaldu diotenez, «inondik inora onartu ezin» den proposamena da atzokoa. Aurretik aurkeztetuko bideragarritasun planean jasotako murrizketak «okertu» egiten dituela diote. Azken proposamen honetan ere, TS Fundicionesetik 50 langile kaleratzea aurreikusten du enpresak, eta gainontzekoei soldata %25 jaistea eta urteko lanaldiari  100 ordu gehitzea ere jasotzen du. Baina enpresatik kaleratzeko boluntarioen kontua aipatzen du oraingoan, eta horiei lan kontratua eteteagatik ordaindu beharreko kalte-ordainez ere ari da. Kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko 30 lanegunekoa izango litzateke proposamenaren arabera, eta gehienez 18 hilabetekoa. Azken proposamenaren arabera, legez ezarritako zatia Soldatak Bermatzeko Funtsetik (Fogasa) ordainduko luke enpresak. Gero, urtebetez kalte-ordainik ez luke jasoko kaleratutako langileak, eta hurrengo bost urteetan zatika falta dena kobratuko luke, hiru hilabeteka. «Hori onartezina da», diote TS-ko langileek. «Azken batean, kalean gelditzen den langileak zazpi urte beharko ditu dagokion kalte-ordaina jasotzeko». Horrez gain, boluntario aurkezten direnen kaleratzea zuzendaritzak onartu beharko du. «Langileak kartara» «Zuzendaritzak kartara eduki nahi gaitu langileok: behar edo nahi gaituenean lan egiteko prest, eta eurek nahi dutenean oporretan, egutegi malguarekin; inolako eskubiderik gabe; miseria diren soldatekin... Nagusi hauek beharginok miseriara garamatzate, miseria gorrira. Hornitzaileak bagina bezala tratatzen gaituzte», salatu dute langileen ordezkariek. Enpresa «kea saltzen» ari zaiela uste dute langileek. «Enpresari irtenbidea emateko eta lantokiaren alde negoziatzeko prest gaude langileok. Baina zuzendaritzak ez digu negoziatzeko zirrikiturik digu uzten; baldintzak, epeak... dena inposatu nahi dute. Garbi dago nagusiek ez dutela ezer negoziatu nahi, ez dutela inolako akordiorik nahi. Zuzendaritzak nahi duen bakarra enpresa ixtea da. Gero esango dute enpresa langileok itxi dugula, baina lantegiaren egoeraren errudun eta arduradun bakarrak enpresaren akzionistak dira». Mobilizazio gehiago Negoziatzeko modurik ez, eta gelditzen zaien «bide bakarra mobilizatzea» dela esan dute TS Fundicioneseko langileek, eta egun hauetan auto karabanak-eta egingo dituztela aurreratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide