Emakumeen aurkako zapalketa salatuko dute gaur eskualdean

Ane Olaizola 2013ko azaroaren 21a

Azpeitiko Bilgune Feministak deituta, emakumeenganako indarkeria salatzeko elkarretaratzea, iaz. (Argazkia: Ilazki Lili Arrue) Emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna  da gaur,  eta indarkeria matxistari aurre egiteko ozen egingo dute oihu datozen egunetan eskualdeko hainbat herritan. Ohi bezala, herritarren kontzientzia pizteko hamaika jarduera egingo dituzte egunotan. Honen harira, Emakumeen Mahaia aurkeztu dute Azkoitian. «Eremu askotan emakumeok bizi dugun zapalketari aurre egiteko urratsak ematen joatea» da mahaiaren helburua, eta horretan lanean aritu dira kideak azken urte eta erdian. Hainbat eremutan lan egiten duten emakumeak elkartu eta abiarazi zuten egitasmoa, bakoitzaren «esperientzia pertsonaletatik» abiatuta. «Zapalketa emakume guztiok bizi dugun zerbait dela ohartu ginen». Hala, askotariko gaien inguruan hausnartu eta urratsak egin nahian, indarkeriaz gain beste gaien inguruan aritzeko elkartzeko konpromisoa hartu zuten. Izan ere, gogoratu dute Azkoitiko Udalak emankumeenganako indarkeriari aurre egiteko diseinatu zuen propotokoloaz hausnartzea izan zela Emakumeen Mahaiaren lehenengo zereginetako bat, eta han hasi ziren egitasmoaren lan ildoak zehazten. «Protokoloaren bidez indarkeriari aurre egiten dieten emakumeei eskaintzen zaien arreta hobetu nahi da, eta indarkeria matxista izan zen lehen bilera hartan aztertu genuen lehen gaia. Segituan, ordea, bizitzaren esparru guztietan jasaten dugu zapalkuntzari buruz hitz egiten hasi ginen, eta hauek ere hainbat indarkeria mota direla ohartu ginen: indarkeria ekonomikoa, sinbolikoa...». Zapalketak, arlo askotan «Mugimendu feministak» egindako lanari esker, emakumeen eskubideen aitortzan «urrats handiak» egin badira ere, oraindik badagoela egitekoa nabarmendu dute. «Gaur egun berdintasun egoeran bizi garela sinestarazi nahi diguten arren, asko dira bereizkeria eta zapalketa egoerak, bai lan merkatuan, zaintza lanetan, kirolean edo festetan. Beraz, guztion ardura izango da egoera hauek identifikatzea, eta gainditzeko neurriak hartzea». Zentzu horretan, interesa duten emakume guztiak gonbidatu dituzte bakoitzak «ahal duen neurrian» bidea mahaiko kideekin egitera, «batzuk hilero bilduz, besteak artikuluak idatziz, edo egitasmoetan parte hartuz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide