Herritarren borondatea ezinbestekoa izaten da hainbat ekintza antolatzeko. Jarduera horietako bi izaten dira euskararen egunean eskolakoek egiten duen liburuen truke azoka eta Gabon egunean ikastolakoek egiten duten elkartasun tonbola.
Baina horiek aurrera eramateko, materiala bildu behar izaten dute lehendabizi. Herri eskolakoek abenduan 3ko azokarako dagoeneko erabili eta egoera onean dauden liburuak behar izaten dituzte –hiru motatakoak izango dira: haur, gazte eta helduen liburuak–, eta herritarrek eramaten duten liburu bakoitzeko txartel bana jasoko dute, liburu motaren araberakoa. Liburuak emateko egunak azaroaren 26a, 28a eta 29a izango dira. Hilaren 26an eta 28an Zaragueta Herri Eskolan 15:30etik 16:30era eta azaroaren 29an Herriko Plazan 17:00etatik 18:00etara izango dira.
Liburu trukea, berriz, euskararen egunean, abenduaren 3an egingo da. Txartel bakoitza mota bereko edozein libururengatik trukatu ahal izango dute aurretik txartela eskuratu dutenek, Zaraguetan arratsaldeko 15:30etik 16:30era eta Herriko Plazan 17:00etatik 18:00etara.
Elkartasun Tonbola abenduaren 24an
Orioko Herri Ikastolako DBH4ko ikasleek Gabon egunerako antolatuko dute elkartasun tonbola. Bertan banatzen diren sariak, dendaz-denda eta tabernaz-taberna pasata bertakoek borondatez emandako opariak izaten dira. Ikastolako ikasleek adierazi dutenez, aurten ere Orioko komertzioei laguntza eskatu beharrean gaude, izan ere, beraien eskuzabaltasunarengatik antolatu dezakegu tonbola.
Tonbolan lortutako irabaziak bi zatitan banatzen dituzte ikasleek: irabazien erdia, martxoan egingo duten Ikasketa bidaia finantzatu ahal izateko erabiltzen dute, eta, beste erdia, berriz, Rwandako eskola batetara bidaltzen dute, han ezinbestekoa duten materiala erosi ahal izateko. Horregatik deitzen diete elkartasun tonbola.
Gabon egunean, abenduaren 24an, eguerdi aldean hasi eta sariak bukatu bitartean Herriko Plazan izango dira Orioko Herri Ikastolako ikasleak tonbolan lanean.