Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoako Adineko pertsonen Kontseiluak bultzatutako manifestu horren helburua Gipuzkoan kolektibo honekiko kohesioa eta elkartasun soziala
hobetzea da, eta baita euren betebehar eta eskubideak zeintzuk diren zehaztea ere. Manifestuak "garbi" uzten du adinekoak ekitatez eta justiziaz tratatu behar direla. "Zentzu horretan, adinekoenganako begirunea eta laguntza behar duten haiei arreta ematea, belaunaldi arteko elkartasuna eta eman duten guztiaren ordain zuzena baino ez da. Horregatik, egungo testuinguru sozioekonomikoan, manifestuak argi uzten du zaila izango dela adinekoen garapen pertsonala eta soziala gauzatzea, estatu sozial bat mantentzen ez bada". Ildo horretatik, Zarauzko udalak atxikimentua eman nahi dio orain manifestuari. Udalaren asmoa da manifestua adinekoen elkarte guztiei helaraztea, eta bertako edukiei
buruzko jakinarazpenak egitea.
Hona hemen kolektibo honi manifestuan aitortzen zaizkion eskubideetako batzuk:
- Bizitza afektiboa eta sexuala garatzeko aukerak izatea.
- Emakume edo gizonezko izaerari eta egoerei egokitutako arreta jasotzea.
- Beti pertsona heldu bezala tratatua izatea, baita ahalmen fisikoa edo ezagumena galdu badu ere, edo gaixotasun mentalen bat badu ere.
- Pertsona moduan bizimodu duina izateko behar diren gutxieneko baliabideak izatea: diru sarrerak, etxebizitza, arreta soziala, osasun arreta eta ingurunean integratuta garatzeko laguntzak.
Gipuzkoako Adinekoen aldeko Manifestuak hainbat betebehar ere jasotzen ditu:
- Errespetu gutxiko traturik edo tratu apalesgarririk ez onartzea, eta, halakorik gertatuz gero, profesionalen edo justiziaren babesa eskatzea.
- Bizimodu independentea mantentzeko, baliabide propio ekonomiko nahiz materialak arduraz zaintzea eta administratzea.
- Dituen ezagutzak, esperientziak eta iritziak ingurukoei eta gizarte osoari transmititzea.
- Zahartze aktiboa praktikatzea.