Uranga eta Mantxi, ondo kokatuta Bertsolari Txapelketa Nagusiko sailkapenean

Aritz Mutiozabal 2013ko aza. 20a, 04:00

Duela lau urte eskualdeko bi ordezkari igo ziren BECeko taula gainera: Andoni Egaña eta Jon Maia. Aurten, ordea, ez da izango bata, ezta bestea ere. Lehenak txapelketetako erretiroa hartu duelako, eta bigarrenak kanporaketa gainditu ezin, eta bidean geratu delako. Finalerako atarian, beste bi ordezkarik erakutsi dute aurpegia, lehenengo finalerdian maila polita erakutsi ondoren. Iñigo Manzisidor Mantxi zarauztarrak eta Jokin Uranga azpeitiarrak hartuko al dute Egañaren eta Maiaren lekukoa? Tolosan sekulako saioa egin ondoren, behin-behineko sailkapen orokorrean zortzigarren postuan kokatu da Mantxi, 667,50 punturekin. «Hiru lagun gaude antzeko puntuazioarekin, nire aurretik dagoena (Unai Agirre; 670,50 puntu) eta nire atzetik dagoena (Alaia Martin; 667 puntu) kontuan hartuta. Egia esan, puntuazio onarekin nago». Finalerako zazpi sailkatzen dira eta zarauztarra atari-atarian da­go, finalerdietako itzulikoaren esperoan. BECera iristea zail ikusten duela onartu du. «Berriro ere saio ona egiteko aukera aurreikusten dut, baina gainerako bertsolariek ere gauza bera egingo dute. Txapelketa sailkapenaren goikaldean bukatzeko itxaropena dut, baina finala urruti ikusten dut». Iñigo Manzisidor Mantxi, Igor Elortzarekin batera, Tolosako finalaurrekoan. (Gari Garaialde / Bertsozale Elkartea) Jokin Uranga Legazpiko kanporaketan , Beñat Lizasoren eta Ainhoa Agirreazaldegiren erdian. (Alberto Elosegi / Bertsozale Elkartea) Urangak ere saio txukuna osatu zuen lehen kanporaketan, Gernikan; Igor Elortza izan zen nagusi, eta haren atzetik geratu zen, 657,50 punturekin. Une honetan, hamaikagarrena da sailkapen orokorrean. «Lan bat eginda dago aurretik, eta orain lan hori ahalik eta gehien aprobetxatzeko eskatzen diot nire buruari». Azken finalerdi on bat egin nahi du, nahiz eta finaleko aukera ez duen eskuragarri ikusten. «Oso zaila da. Nik sekulakoa egin beharko nu­ke, eta beste batzuek saiakeran erori. Ez dago nire esku bakarrik. Gainera, egun dagoen mailarekin, atzetik ditudanak gainetik pasatzeko arriskua ere badago». Faktore askok bat egin beharko luketela uste du azpeitiarrak bere burua BEC-eko oholtza gainean ikusteko. Bostpasei bertsolari daude, 30 puntuko aldearekin, finalera sartzeko atarian, eta zirkunstantzia horrek finalerako sailkapena irekita uzten du hein batean. «Nik uste dut aulki bat dagoela jokoan horrenbeste jenderen artean, baina, egia esan, ez nau hainbeste itsutzen aulki horrek. Nik nire maila erakutsi behar dut, eta hortik aurrerakoa ondorioa izango da». Mantxik Bertsolari Txapelketa Nagusian parte-hartzen duen hirugarren aldia du. Emaitzari dagokionez, orain arteko onena izaten ari da. «Aurreko bietan paper polita egin nuen, baina finaleko postuetatik horren gertu nabilen lehena da hau». Urangarentzat, berriz, bigarren aldia da txa­pel­ketan; 2005ean jokatu zuen, eta orduan ere finalaurrekoetara ailegatu zen. «Orduan bezala, lan polita egiten ari naiz. Dena dela, ez naiz bi lanak konparatzen ari. Egia da orduan finalean sartzetik gertu geratu nintzela, eta oraingoa ez dela bukatu. Nire helburua lan txukuna eginez sentipen onarekin geratzea da, postuei gehiegi erreparatu gabe». Estropezuak estropezu Aurtengo txapelketak ezuste bat baino gehiago ekarri du, finalean ohikoak direnen estropezuekin: batetik, Jon Maiaren kanporaketa eta bestetik, Unai Iturriagaren edo Jexux Mari Irazuren saio kaskarrak. Aurtengo finalak hainbat aurpegi berri izan ditzake, eta, ondorioz, errelebu aldaketa etor daiteke. «Ez nuke esango errelebu aldaketa datorrenik», dio zarauztarrak: «Iturriagak egun txarra izan zuen, eta bi poto egin zituen. Gainerakoan, saio ona egin zuen. Irazuk, berriz, badaramatza hainbat urte finalera ez dela sartu, eta gure tankerako mailarekin dabil. Maiak, bere aldetik, ez zuen saio onik egin, eta epaimahaikideek ez zuten izena puntuatu, baizik eta saioa». Salbuespenak salbuespen eta gorabeherak gorabehera, «kristoren bertsolariak izaten jarraitzen dute berdin-berdin». Horrenbeste urte eta gero, «tartean istripu bat edukitzea gauza arrunta» dela uste du Urangak. «Orain Maiari gertatu zaio; Irazuri bere garaian; Elortzari duela lau urte... Txapelketara joaten garenean, horren jakitun izan behar dugu. Txapelketak asko ematen du, baina baita asko kendu ere. Eta, normalean, gehien erakutsi duenari kentzen dio ge­hien». Maia horren guztiaren «biktima» izan dela dio, eta txapelketarentzat berarentzat ere «pena» dela zumaiarra kanpoan geratzea. Elizondon jokatuko dute finalaurrekoaren itzulekoa Mantxik eta Urangak, eta  Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Julio Soto eta Unai Iturriagarekin partekatuko dute oholtza gaina. Saioa Baztan pilotalekua izango da, larunbat honetan, 17:30etik aurrera. Puntuazio ona lortzeko talde polita dela uste du eskualdeko bikoteak. «Azken finalaurrekotako hiru taldeak horretarako modukoak dira. Baina gurea bereziki puntuak pilatzeko egokia da. Goitik ibiltzeko taldea dugu», aditzera eman du zarauztarrak. Urangak nabarmendu duenez, taldeak berak ez du inolako aitzakiarik. «Bertsozaleek ere Elizondoko frontoia goraino beteko dute, eta nik uste dut baldintza guztiak ditugula saio on bat egiteko. Horrelakoetan askotan bada lotzen gaituen zerbait, baina, printzipioz, talde ona dugu, oro har beste bi taldeak bezalaxe». Freskotasuna lagun Aurreko txapelketan baino hobeto ez dela prestatu dioMan­txi-k. Berandu hasi zela horretan, eta, beharbada, horrek ere lagundu diola. «Gehiegi ito gabe iritsi naiz, eta freskotasun horrek mesede egin didala uste dut. Orain, ezer galtzeko ez duenaren paperean jarrita, horrek beste lasaitasun bat ematen dit, eta ez dut beste batzuk eduki dezaketen presiorik. Orduan, hori baliatuz, ahal dudan saiorik onena egitera joan behar dut». Gozatzea du helburu, baina sailkapeneko postuari begira jarrita «nahiko zaila» izango dela aurreikusten du. Aurten, Andoni Egañaren faltan, beste zarauztar bat BEC-en aritzekotan berak izan beharko duela argi dago. «Kalean jende askok esaten dit hori, baina hori erraz esaten da, eta oholtza gainean gauzak oso bestelakoak dira. Beste bertsolariak ere lehian ari baitira. Badakit ez dela erraza izango, baina batez ere goikaldean bukatu nahiko nuke, nahiz eta finalera ez sailkatu. Tolosako saioa ez zela irudikeria hutsa edo zortekoa izan erakutsi, alegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide