Konpostaje kanpainarekin aurrera segitzen du Urola Kostako Udal Elkarteak

Karkara.eus 2013ko azaroaren 19a

Informazio puntuak jarriko dituzte herritarrei konpostajeak zertan datzan azaltzeko

Etxean eta auzoan konposta egiteko kanpaina iazko azaroan jarri zuen martxan Urola Kostako Udal Elkarteak. Orain fase berri batean sartuko da konpostajeari buruzko ka...

Informazio puntuak jarriko dituzte herritarrei konpostajeak zertan datzan azaltzeko

Etxean eta auzoan konposta egiteko kanpaina iazko azaroan jarri zuen martxan Urola Kostako Udal Elkarteak. Orain fase berri batean sartuko da konpostajeari buruzko kanpaina.

Datorren azaroaren 21ean eta 22an Orion, eta 24an eta 27an Aian konpostajeari buruzko informazio-puntuak jarriko dituzte. Orion Herriko Plazan jarriko da, 21ean goizez, 10:00etatik 14:00etara eta 22an arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. Aian Gozategi enparantzan jarriko da informazio gunean, eta Orioko ordutegi bera izango da, 24an goizez eta 27an arratsaldez.

Informazio-puntuetan, herritarrak parte-hartzera animatzeko, landareak, konposta eta materia organikoa bereizteko ontziak banatuko dira.

Etxean konpostajea egiteko izena emandako herritarrek trebakuntza pertsonalizatua jasoko dute, izan ere, konpostajean espezializatutako teknikari baten bisita jasoko dute beren etxeetan. Bisita horietan konposta nola egiten den azalduko du teknikariak eta konpostagailua muntatuko du, konposta egiten hasteko dena prest izateko.

Konposta auzoan egiteko interesa duten herritarrei beren udalerrian martxan dauden esperientzien inguruko informazioa emango zaie.

Orion birziklatze-tasa igo nahian
2015eko hasierarako birziklatze-tasa %65era iristea finkatu du helburu bezala Hondakinen Mahaiak ahobatez. Orain, herritarrak kontzientziatzeko bidean, hainbat ekimen aurreikusten dituzte eta horietako bat da Udalak martxan jarri berri duena.

Udaletxeko balkoian panel bat jarriko dute, eta, bertan, herriko birziklatze-tasan hilabete batetik bestera izandako aldaketen berri emango da. Datuak hilaren erdialdera aldatuko dira, modu horretan herritarrek uneoro jakingo dute nola doan Udalak bere buruari jarri dion erronka.

Gaur egun, herritarrek birziklatzen dutena %36a da eta gaia kalera eramatea eta herritarrak kontzientziatzen laguntzea da panelaren helburua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide