Aurreko ostegunean kontatu genizuen bezala, luiziek kalte handiak eragin dituzte Orioko Bentara joateko errepidean. Herritik hasi eta Munioetera bitartean, bi luizi handi izan dira aste honetan eta horietako batek guztiz estali zuen bidea. Lehendabiziko luizi horren kalteak konpondu dituzte, lurra erretiratu eta bidea garbi geratu baitzen. Bigarren batek, ordea, arrisku handia du oraindik, errepidea erortzeko arriskuan dagoelako eta konponketa zailagoa duelako
Horren aurrean, Udalak, egoera aztertu eta teknikariekin hitz egin ondoren, honako erabakiak hartu ditu:
1.- Bentako bidea itxita egongo da beharrezko konponketa-lanak egin eta arriskurik ez dagoela ziurtatu arte. Teknikarien arabera, hiru bat hilabete beharko dira lan horiek bukatu ahal izateko.
2.- Denbora tarte horretan auzokoek bakarrik izango dute bide horretan ibiltzeko aukera. Gainerako guztientzat debekatuta dago, herritarren segurtasuna bermatzeko.
3.- Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, bi luizien azterketa teknikoa egingo du, egoeraren diagnostiko zehatza izateko eta zein neurri hartu erabakitzeko.