2014ko urtarrilaren 8ra arte aurkez daitezke Zarauzko Lizardi Sarirako lanak

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 19a

EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan antolatu du Zarauzko Udalak XXXII. Xabier Lizardi Saria. Haur eta gaztetxoentzako literatura sustatzea du helburu ipuin lehiaketa horrek. Ildo horretatik, 18 urtetik gorako gazteek aurkeztu ditzakete lanak sariketara. Bestelako baldintzak ere bete beharko dira parte hartzeko. Batetik, jatorrian euskaraz idatzita egon beharko dute ipuinek eta originalak izan beharko dute, argitaratu gabeak eta beste inolako lehiaketatan saritu gabeak, alegia. Gaia librea izango da, eta partaide bakoitzak lan bat baino gehiago aurkez ditzake. Ipuinek makinaz edo ordenagailuz idatzita egon beharko dute, lerro artean tarte bikoitza utzita eta DIN A 4 neurriko orrietan. Lan bakoitzaren bi ale bidali beharko dira, ongi josiak, zenbakituak, koadernatu gabe eta era soil batez tolestuta. 24.000 karaktere baino gutxiagoko lanik ez dute onartuko. Izengoitiz sinatuta egon beharko dute, eta aparteko gutun azal itxii baten barruan adierazi beharko dira izengoitia, izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Posta arruntez bidalitako lanak ziurtatutako gutunean bidali beharko dira, eta Xabier Lizardi literatur sarirako direla adierazi beharko dira. 2014ko urtarrilaren 8an amaituko da lanak aurkezteko epea. Zarauzko Udaleko Kultura sailera bidali beharko dira horiek: Sanz Enea kultur etxera (Nafarroa kalea, 22) edota kultura@zarautz.org helbidera. Otsailean emango du jakitera erabakia. Sari bakarra emango du epaimahaiak, 3.700 eurokoa, eta lana argitaratuko du udalak. Hain zuzen, 2.500 ale kaleratuko ditu. Era berean, saritutako lana digitalki argitaratzeko eskubidea izango du udalak, liburu elektronikoetarako. Aipamen bat edo beste ere egin ditzake epaimahaiak, beste zenbait lanen bikaintasuna adierazteko. Ildo horretatik, lan hori ere argitaratzeko aukera eman diezaioke egileari. Epaia eman eta hiru hilabetera arte jaso ahalko dira saritu gabeko lanak; jasotzen ez direnak bota egingo dituzte.   2014ko apirilean izango da sari banaketa.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide