Santa Zezilia ospatuko dute aste honetan Danbolin musika eskolak eta Salatxok

Karkara.eus 2013ko azaroaren 18a

Salatxo abesbatzak 20 urte betetzen dituelako emanaldi berezia egingo du hilaren 23an

Santa Zezilia eguna azaroaren 22an izango da, baina Danbolin Musika Eskolakoek hilaren 20an ospatuko dute. Arratsaldeko bostetan kalejira egingo dute trikitixa, pandero, eta txistu ikasleek.

Salatxo abesbatzak 20 urte betetzen dituelako emanaldi berezia egingo du hilaren 23an

Santa Zezilia eguna azaroaren 22an izango da, baina Danbolin Musika Eskolakoek hilaren 20an ospatuko dute. Arratsaldeko bostetan kalejira egingo dute trikitixa, pandero, eta txistu ikasleek. Musika eskolan hasiko dute bidea, eta han piano-jotzaileak izango dira. Beste hiru geldialdi ere egingo dituzte: Baxoaldeko parkean, Ikastolako pergolan eta Herriko Plazan. Kalejira bukatzean, 19:00etan, kontzertua izango da Kultur Etxean. Kontzertua amaitutakoan, aurreko ikasturtean 1., 2. eta 3. maila bukatu zutenei diploma bana emango diete.

Salatxo abesbatzakoek ere ospatuko dute Santa Zezilia, baina baita abesbatzaren 20. urteurrena ere. Hori dela eta, hilaren 23an, larunbatarekin, 20:30etik aurrera, kontzertua egingo dute elizan, Astigarragako eta Hernaniko abesbatzekin batera.

Hogei urteko bidea jasotzen duen kantuak abestuko dituzte, Jotas extremeñas, Signore delle cime edo Kaiku bezalako abestiak. Horrez gainera, Verdi hil zela 200 urte bete direla gogoratuz, Aida, Nabucco eta Il trovatore operetako zatiak abestuko dituzte. Pianoan Xabier Lizaso izango dute laguntzen.

20 urteko ibilbidea
Orioko hainbat gizon-emakume elkartu ziren 1993an abesbatza bat sortzeko helburuarekin. Horretarako, Udala, Musika Eskola eta Marina Lertxundi zuzendariaren laguntza izan zuten, eta haiei guztiei esker, sortu zen Salatxo abesbatza. Abesbatzako arduradunen hitzetan, gaur egun, garai hartako proiektuak bizi-bizirik dirau eta beste urte askotan hala jarraitzeko intentzio osoa daukagu.

Atzerrian ere asko izan dira Salatxokoak. Horren harira, zuzendaritza taldekoek esan digutenez, Salatxok abestu duen edozein lurraldetan, Orioko herriaren izenaren gorazarrea egin du: Espainian, Portugalen, Frantzian, Italian eta Norvegian.

Lanean daramaten 20 urteetan beren errepertorioa zabala izan dadin saiatu dira beti eta horrela mota guztietako abestiak kantatu dituzte: erlijiosoak, jai girokoak, euskal kantak… Datozen bi kontzertuetako programak, hemen deskargatu daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide