Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Santa Xexili egunarekin lotuta asteartetik hasita musikarekin lotutako hainbat ekitaldi egingo da Azpeitian. Mikel Ibarzabal Festetako zinegotziak nabarmendu duenez, "herritarren eta herriko taldeen parte hartzea izango duten ekitaldiak izango dira oraingo honetan ere", horren adibide ostiralean Soreasu antzokian izango den Zu ere On Kixote? ikusentzunezkoa jarri du, "era batera edo bestera, 70 lagun inguruk hartuko baitu parte". Ekitaldien aurkezpenean ikusentzunezkoaren zuzendari Maite Agirrek azaldu duenez, "aitzaki honekin Agerre teatroa eta Imuntzo eta Beloki trikitilariak batu eta joan den urtetik biran hasi ginen, batetik bestera. Proposamena da herriko talde artistikoekin osatzea ikusentzunezkoa. Horregatik, proposamen bakoitza bakarra da". Azpeitirako proposamen honetan herriko parte-hartzaileak dira: Azpeitiko Juan Antxieta Musika Eskolako trikitilariak eta txistulariak, Luis Beltza Dantza Eskola, Barrenetxea Abesbatza, Jokin Uranga bertsolaria, Aizpea Ibarbia antzezlea eta Jose Mari Orbegozo eta Amaia Gonzalez saloiko dantzariak. Oholtzatik ikusleari galdera asko luzatzen dizkiote eta haiek ere parte direla azaldu du Agirrek. "Oso esperientzia ona eta aberatsa izaten ari gara, trikitixa, teatroa eta herria bat eginez". Orbegozok aurreratu duenez ostiraleko ekitaldian bi pieza dantzatuko ditu.
AZPEITIAN SANTA XEXILI EGUNAREN BUELTAN ANTOLATUTAKO EGITARAUA:Azaroak 19, asteartea:
-17:30ean, Musikalean ekimena, Juan Antxieta Musika Eskolakoen kalejira eta ondoren musika eskolan txokolate-jana.
Azaroak 21, osteguna:
- 19:30ean, Soreasun, Juan Antxieta Musika Eskolaren jaialdia. Diplomak ere banatuko dituzte maila bat lortu duten ikasleei.
Azaroak 22, ostirala:
- 19:30ean, Soreasu, Zu ere On Kixote? ikusentzunezkoa, Imuntzo eta Beloki trikitilariekin, Agerre Teatroko kideekin. Herriko talde handi batek ere parte hartuko du, 70 lagun inguruk. Sarrera helduena 5 euro da eta haurrena 3 euro.
Azaroak 23, larunbata:
- 18:00etan, Udal Musika Bandaren kalejira. Manolete pasodoblea, klasikoa, Espartacus baleteko pieza batzuekin, Borja Izagirrek saxofoiarekin hiru zati dituen obra bat joko duela, eta bukatzeko pieza modernoagoak joko dituzte. "Kontzertua nahiko zaila da eta hor ari gara azken ukituak emateko lanean", esan du Unai Frantzesena Azpeitiko Musika Bandaren zuzendariak.