TS Fundiciones-eko langileek deituta joan den larunbatean Zestoan egin zen manifestazioa (Nerea Uranga/Hitza)
TS Fundicioneseko langileek gogor salatu dute enpresak aurkeztu dien Bideragarritasun Plana, eta lanpostuen alde egingo dutela esan dute. «Izugarria da 150 familia pasatzen ari garena. 50 langile kaleratu eta gelditzen direnei soldata %25 jaitsi, 100 lanordu gehitu eta oporrak euren erara antolatzea nahi dute. Mehatxu eta xantaia egin nahi digute, euren plana onartu ezean enpresa konkurtsora sartuko dela esanez. Hori onartezina da», diote langileek.
Larunbatean ehunka lagunek TSko langileek deitutako manifestazioan parte hartu zuten Zestoan. Gaur goizean, berriz, bi aldeak negoziatzera eseri dira; bi aldiz bildu dira, baina bietan adostasunik ez dute lortu. «Baldintzak, epeak eta negoziazio guztia inposatu nahi dute. Guk, behin eta berriro, lantokia boluntarioki utzi nahi duten langileentzako eskaintza egiteko eskatzen diegu, baina dirurik ez dutela diote», esan dute bileren ondoren TSko langileek.
2012an TS Fundicionesen kudeatzaile berriak jarri eta hauek 230 lanpostu mantenduko zituztela agindu zietela gogorarazi dute langileek, baina enpresak okerrera egin duela salatu dute. «Langileok enpresaren alde lan besterik ez dugu egin. Enpresaren egungo egoeraren arduradunak ez gara langileok; arduradun bakarrak TS Fundicionesen gestio txarra egin dutenak dira», adierazi dute.
«Familiak miseria gorrira»
Enpresak plan industrialik ez du langileen arabera: «Etorkizunerako plan industrialik ez dute aurkeztu, ez dutelako. Bakar-bakarrik langileok kaleratu eta langileoi murrizketak ezartzeko plana dute. Arazo larria da TS-n dagoena. Langileok azken lau urteotan behin eta berriro era guztietako murrizketak jasan ditugu, lanpostua izan eta soldata jasotzeko. Baina, gaur da eguna, TS Fundicioneseko langileok kaleratuz gero langabeziarik ere ez duguna». Enpresak kaleratuen indemnizazioak ordaintzeko ere dirurik ez duela esan die langileei. «Familia asko utziko dituzte miseria gorrian. Injustizia ikaragarria da. Azken urteotan guk gure lanarekin haiek finantzatzen jardun, eta orain miseriara bidali nahi gaituzte».
TS Fundiciones enpresan «gauza zelebre» asko gertatzen ari dela ere salatu dute langileek. «Hornitzaileei ere ez die ordaintzen, zorrak ditu alde guztiekin. Esaterako, lantegian ur berorik ere ez dugu. Hilero diru kopuru bat fakturatzen duela dio, baina soldatak eta hornitzaileak ordaindu gabe nora doa diru hori? Non dago? Denekin zorretan badago, non dago dirua? Enpresak zera nahi du: kiebra jo, denekin zorretan gelditu, eta enpresa itxi».
TS Fundiciones enpresaren etorkizunean sinisten dutela eta lantokiaren aldeko apustua egiteko prest daudela diote langileek. «Ez dugu enpresaren zuzendaritzan sinisten, eurek eraman gaituztelako egungo egoera larrira. Guk bai ala bai aurrera egingo dugu, borrokan segituz», gaineratu dute.
Langileek bizi duten egoeraren aurrean, instituzio eta erakundeei esku hartzeko eskatu diete: «Behingoz langileon eskubideen alde esku hartu dezatela eskatzen diegu».