Salatxo Abesbatzaren 20. urteurrena ospatzeko bi kontzertu emango dituzte

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 18a

Orioko Salatxo abesbatzak 20 urte beteko ditu azaroaren 20an eta urteurrena ospatzeko bi kontzertu antolatu dituzte datozen asteetarako. Datorren larunbatean izango da lehena Orioko Bariko Nikolas Deunaren parrokian 20:30ean. Kontzertuaren lehenengo zatian Salatxo abesbatzak 20 urtetako ibilbidea errepasatuko du. Bigarren zatian berriz, oriotarrek Hernaniko Kantuz eta Astigarragako Aiztondo abesbatzekin batera Verdi konposatzailearen jaiotzaren 200 urteurrena aitzaki hartuta Verdiren hiru obra kantatuko dituzte. Salatxo abesbatza sortu zenean Musika Eskolako zuzendari zen Xabier Lizaso eta abesbatzaren bultzatzaileetako bat izan zen bera. Xabier Lizaso piano-jotzailearen laguntza izango dute pianoan hiru abesbatzek. Abenduaren 6an, San Nikolas Eguneko meza nagusian Aita Paskual Bartuteren Euskal Meza abestuko du Salatxo Abesbatzak Danbolin Musika Eskolako ikasleekin, Egunsentia Otxotearekin eta Parrokiako abesbatzarekin batera. Organoa Jose Antonio Pascualek joko du eta Musika Eskolako txistulariek ere parte hartuko dute saioan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide