http://www.youtube.com/watch?v=xCDREJT0j1Y&feature=c4-overview&list=UUTMIYZTCdoKhpg2BZuxURxw
Ts Fundicioneseko langileek enpresak aurkeztu dien Bideragarritasun Planaren kontra manifestazioa egin dute gaur, larunbata, eguerdian Zestoan. Ehunka lagunek hartu du parte protestan. Langileek bertan gogor salatu dute nagusiek aurkeztu dien plana eta lanpostuen alde egingo dutela esan dute. "Izugarria da 150 familia pasatzen ari garena. 50 langile kaleratu eta gelditzen direnei soldata %25 jaitsi, 100 lanordu gehitu eta oporrak euren eran antolatzea nahi dute. Amenazu eta txantaia egin nahi digute, euren plana onartu ezean enpresa konkurtsora sartuko dela esanez, hori onartezina da", esan dute langileek manifestazioaren bukaeran. 2012an TS Fundicionesen kudeatzaile berriak jarri eta hauek 230 lanpostu mantenduko zituztela agindu zietela gogorarazi dute langileek, baina enpresak okerrera egin duela salatu dute. "Langileok enpresaren alde lan besterik ez dugu egin, enpresaren gaur egungo egoeraren arduradunak ez gara langileok; arduradun bakarrak TS Fundicionesen gestio txarra egin dutenak dira", esan dute langileek.
Enpresak plan industrialik ez duela salatu dute langileek, "etorkizunerako plan industrialik ez dute aurkeztu, ez dutelako. Bakar-bakarrik langileok kaleratu eta langileoi murrizketak ezartzeko plana dute. Arazoa soziala da eta arazo larria da TSn dagoena. Langileok azken lau urteotan behin eta berriro era guztietako murrizketak jasan ditugu. Gure nahi bakarra lanpostua izan eta soldata jasotzea da. Baina, gaur da eguna, TS Fundicioneseko langileok kaleratuz gero langabeziarik ere ez duguna". Enpresak kaleratuen indemnizazioak ordaintzeko ere dirurik ez duela esan diete langileei, "familia asko utziko dituzte miseria gorrian. Injustizia ikaragarria da TSko langileok sufritzen ari garena. Azken urteotan guk gure lanarekin haiek finantzatzen jardun dugu eta orain miseriara bidali nahi gaituzte".
Enpresan "gauza arraro" asko gertatzen ari dela ere salatu dute langileek. "Enpresak hornitzaileei ere ez die ordaintzen, zorrak ditu alde denekin, esaterako lantegian ur berorik ere ez dugu. Hilero diru kopuru bat fakturatzen duela dio enpresak, baina soldatak eta hornitzaileak ordaindu gabe nora dihoa diru hori? Non dago? Denekin zorretan badago, non dago dirua? Enpresak nahi duena da kiebra jo, denekin zorretan gelditu eta enpresa ixtea".
TS Fundiciones enpresaren etorkizunean sinesten dutela eta lantokiaren aldeko apustua egiteko prest daudela azaldu dute langileek, "ordea, TS Fundicionesen zuzendaritzan ez dugu sinisten, eurek eraman gaituztelako gaur egungo egoera larrira. Guk bai ala bai aurrera egingo dugu, borrokan segituko dugu". Zuzendaritzaren "nahi bakarra enpresa ixtea" dela uste dute langileek. Langileek bizi duten egoeraren aurrean erakundeei eskuhartzeko eskatu diete, "behingoz langileon eskubideen alde esku hartu dezatela eskatzen diegu erakundeei". Enpresaren zuzendaritzari egoerari irtenbidea emateko negoziatzera esertzeko eskatu diote, baina langileek lanpostuen alde egiten segituko dute berretsi dute.
Manifestazioan parte hartu duten herritarrei eta "batik bat Zestoako herriari" TS Fundicioneseko langileengan adierazi duten elkartasunagatik eskerrak eman dizkie.