Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
TS Fundicioneseko langileek «enpresa ixteko arriskuan» dagoela eta, bihar manifestaziora deitu dituzte herritarrak. Beharginek deitutako mobilizazioa 12:30ean abiatuko da Zestoako plazatik. Joan den asteartean enpresak bideragarritasun plana aurkeztu zien TSko langileen ordezkari sindikalei, eta plana onartzen ez badute enpresa konkurtsora sartuko dela esan zien. Planaren arabera, 50 langile kaleratuko dituzte, gelditzen direnei soldata %25 jaitsi, urteko lanaldiari ehun ordu gehituko dizkiote, eta lan egutegi malgua izatera behartu. Langileek planaren berri
jakin orduko «negargarria» zela adierazi zuten, baina sakon aztertzekotan gelditu ziren.
Hala ere, planaren gaineko erabakia datozen egunetan hartu beharra dagoela adierazi zien enpresak.
TS Fundicioneseko nagusiek adierazi dutenez, gaur egun 28 milioi euroko zorra du enpresak, eta aurten 20 milioi euro fakturatzea aurreikusten dute. Krisiak bete-betean jo duela sektorea, eta horri aurre egin eta bideragarria izateko enpresaren gaur egungo egitura berregiraturatu beharra dagoela diote. «Planaren helburua Europako lehiakideen mailara jartzea eta epe ertainera enpresa suspertzea da».