Iazko herri lasterketako irudi bat (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Azkoitia-Azpeitia Raka Maraton kirol elkarteak, Jokin Ormaetxea Txirrindulari Elkartearen eta Azkoitiko Triatloi taldearen laguntzarekin, Azkoitiko herri lasterketa antolatu du bederatzigarren urtez, hilaren 23rako. Elkartea hamargarren urteurrena ari da ospatzen, eta horregatik berrikuntzak izango ditu lasterketak. Aurten taldeka ere parte hartu ahal izango da. Bi sailkapen egongo dira, eta norbanako gisa izena emanda dutenek taldeka ere inskribatzeko aukera izango dute egunean bertan, dortsala jasotzen dutenean. Taldeak gutxienez emakumezko batez osatuta egon beharko du, eta gehienez bi lagunek federatuta egon beharko dute. Urteurrenaren harira, gainera, aurtengo lasterketak logoa estreinatuko du.
Gainontzean formato eta ibilbide berdina mantenduko du lasterketak. Larunbatean, 16:30ean hasiko da proba, herriko plazatik, eta han izango da helmuga ere. Ohi bezala, herriko kaleetan zehar lehiatuko dira korrikalariak. Izena emateko epea ere zabaldu dute jada. Hurrengo osteguna, hilaren 21a, baino lehen eman daiteke izena aurrez. Azkoitiko Elkargunean eta Azpeitiko Aradi kirol dendan inskriba dezakete beren burua interesa dutenek, 10 euroren truke. Internetez ere egin daiteke,
www.herrikrossa.com eta
www.rakamaraton.com helbideetan, 10,7 euro ordainduta. Egunean bertan ere izango da horretarako aukera, lasterketa hasi baino ordubete lehenago arte;
15 euro ordaindu beharko dute korrikalariek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egun 60 lagun inguru daude izena emanda, baina aurreko urteko kopurura iristeko asmoa dute. «Halako lasterketetan gehienek azken astean ematen dute izena. Eguraldiak ere asko eragiten du, eta azken egunean ere asko apuntatzen dira. Data txarrak suertatu zaizkigu, oraintxe izan delako Behobia-Donostia, eta hurrengo egunean Donostiako maratoia
eta maratoi erdia izango delako. Dena den, aurreko urteetan 400 lagun inguruk parte hartu izan dute, eta aurten ere hala izatea espero dugu».
Proba «sinplea»
Antolatzaileen arabera, proba «azkarra eta sinplea» da Azkoitiko Herri Lasterketa. «Ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi dugu, eta horregatik ibilbide erraza ezartzen ahalegintzen gara». Korrikalariek herriari bira txiki bat eta bi bira handi eman beharko dizkiote, eta probaren erdian anoa postua izango dute.
Sariei dagokienez, garaikurrak banatuko dituzte irabazleen artean. Horrez gain, «sari eta zozketa ugari» izango direla aurreratu dute.