Asmakizun hondaezina

Onintza Lete Arrieta 2013ko azaroaren 14a

Ibon Odriozola ikerlari azpeitiarra, komunikabideetara eramaten duen polimero zatiarekin. Erditik apurtu izan dutenaren marka argi eta garbi ikusten zaio goma itxurako plastikoari (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Donostian egin dugu aurkikuntza, baina aurrena mundu zabaleko hedabideek eman dute material honen berri, eta azkena iritsi da hona albistea». Hala irizten dio Ibon Odriozola ikerlari azpeitiarrak. Puskatu ondoren bera bakarrik itsasten den plastikoa sortu du IK4 Cidetec enpresako lan taldearekin batera, eta aurki Forbes aldizkarian agertzekoa ere bada. «Ez da munduko aberatsenen zerrendan nagoelako. Antza, aldizkariak badu zientziarentzat ere tartetxoa. Hor agertuko naiz ni», dio umoretsu. Komunikabideen arretaz gain, hainbat enpresarena ere eskuratu dute lan honekin. Izan ere, hainbat erabilera izan dezake plastiko berezi honek. Gainera, materiala merkea da, eta funtzionamendu errazekoa: apurtzen bada, puskatutako zatiak elkarren ondoan utzi besterik ez da egin behar, elkar ukitzen, eta egun baten ondoren gogor itsatsita geldituko da. Polimeroa da plastikoaren osagai nagusia. «Polimeroak molekula luze-luzeak dira, espagetien antzera, baina mikroskopikoak dira, eta plastikoa da». Ezaugarriei dagokienez, plastiko horrek bere burua konpontzeko gaitasuna du giro tenperaturan, inolako katalizatzaile eta kanpo estimulurik gabe. «Bi ordu pasatakoan %80 itsatsita dago plastikoa, eta egun bat pasatakoan, %97». http://youtu.be/5Hiu80HDybk Industrian asko erabiltzen den materiala da polimeroa, eta industria aplikazio ugari izan ditzake material berriak: sektore elektrikoan, autogintzan, etxegintzan, nahiz biomaterialen eraikuntzan, esaterako. «Aplikazioen adibideak asko dira. Azken batean, asko erabiltzen da itsasgarriak eta zigilatzaileak egiteko. Beraz, itsasgarri bat erabiltzen baduzu zerbait itsasteko, eta egun batean puskatu egiten bada, elkar ukitzen jarri, eta berriz itsatsi egingo da». Hodiak egiteko ere egokia da Odriozolarentzat. «Zulo bat egiten bazaio bera bakarrik konpontzen da. Gurpilak egiteko ere balio dezake». Irudimenari bidea azkar egin dionik ere bada, gainera: «Ameriketako telebistako aurkezle batek esan zuen berari asko gustatzen zitzaiola material hau, senarrak kreditu txartela guraizeekin moztu arren, bi ordura itsatsi eta berriz erosketetara joan zitekeelako». Goma itxura du plastiko honek, eta funtzionamenduaren zehaztasun gehiago ere eman du Odriozolak. «Askotan goma bat ez da erditik apurtzen. Akidura edo nekea deritzona gertatzen da askotan, hau da, barrutik haustura txikiak sortzen hastea. Horiek konpontzen ez badira, azkenean denborarekin pieza osoa apurtzen da». Beraz, mikro-hausturak konpontzea da polimeroaren lehen lana. «Pieza hori egunez lanean egon bada, eta iluntzean gelditzen badute, auto bat edo hegazkin bat, esaterako, pieza hori errekuperatzen joaten da, eta hurrengo egunean berriz berri-berria dago». Europako Shine proiektuaren barruan ari dira lantzen gai hau. «Proiektuaren barruan badaude enpresak, baina hortik kanpo ere, boom honekin enpresa mordoa ari zaigu gerturatzen. Nork bere aplikaziorako sekulako ideiak dituela esaten du, eta pentsatzen dut zerbait aterako dela», azaldu du. Izan ere, berak ez du erabakitzen zer proiektu landu eta zer ez. «Guk asmakizunak egiten ditugu, hortik aurrerakoak...». Munduari buelta bi egunetan Materials Horizons zientzia aldizkarian publikatu zuten lana, eta albisteak ia bat-batean eman zion buelta munduari. Hango editore batek artikuluari buruzko albiste bat argitaratu zuen Chemistry World aldizkari dibulgatiboan. «Han Terminator polymer deitu zion, eta hortik aurrera beste guztietara zabaldu zen. Ingalaterran asko atera da, baita Estatu Batuetan, Indian, Txinan, Australian nahiz Hego Amerikan. Ostiral batean publikatu zen lan hori, eta asteburuan Google-n Terminator polymer jarri, eta 100.000 erantzun inguru agertzen ziren. Segituan komunikabide guztietatik elkarrizketa eta bideo eske hasi zitzaikigun. Beranduena ona iritsi zen». Ez zuten espero halako oihartzunik lortzerik. «Ezustean harrapatu gaitu». Beste zientzia aurkikuntza batzuk baino errazago iritsi daiteke publiko zabalera, eta horren jakitun da Odriozola: «Bideoan, esaterako, oso argi agertzen da dena, esplikaziorik ere ez du behar. Plastikoa erditik mozten da, elkar ukitzen utzi eta berriz itsatsi egiten da bera bakarrik. Ulertzeko oso erraza da, mundu osora zabaldu da, eta ederra da guretzat». Beste proiektu batean ari ziren lanean Odriozola eta bere lankideak. Konturatu ziren materiala puskatu ondoren itsatsi egiten zela. Gelatina zen, aplikazio biomedikoetarako. Cidetek barruan alorrez aldatu zen Odriozola, eta orduan hasi zen polimeroarekin. Hasieratik pentsatu zuten horrelako zerbait egitea. «Oso talde ona dut, jende oso inteligentea dut inguruan, eta azkenean lortu egin dugu». Ezkerretik hasita, Alaitz Ruiz de Luzuriaga, Alaitz Rekondo, Roberto Martin eta Ibon Odriozola. Hurrengo pausoak zein diren argi du zientzialari azpeitiarrak. Proiektuan sakontzen jarraituko dute, eta aurkikuntza material gogorragoetan aplikatzen saiatuko dira. «Oraingoa goma bat da, eta polimero gogorrekin egin nahi dugu ahalegina. Abioi bateko parte bat izan daiteke, esaterako». Laboratorioko eskalan egin dituzte piezak orain arte. Erakusgarri gisara elkarrizketara eraman duen zatiak, esaterako, 50 gramo pisatzen du (beste orriko argazkian ikus daiteke). Laster kantitate handiagoetan egiten hasiko dira. Shine proiektuak beste hiru urte iraungo du, eta horretan jarraituko du Odriozolak. Europa mailako proiektu bat da, eta Cidetec-ek proiektu horren barruan egin du, hain zuzen, material berri hau. «Kontsorzio hori dago sortuta bertan gauden guztiok elkarren osagarri izateko». Hala, esaterako, Cidetec enpresak ez dauka material hori tonatan egiteko azpiegiturarik, baina Shine proiektuko beste kide batzuek, bai. Industriak nahi ote du, ordea, gehiago irauten duen produkturik ekoiztu? Odriozolak argi du baietz. «Autoko pieza bat egin, eta 100.000 kilometrotik behin aldatu beharrean 200.000tik behin aldatzea lortzen bada, agian auto hori erostea aukeratuko du jendeak, horrexegatik». Eta muturragora joanda, enpresen interesak are nabarmenagoak dira: «Itsaso barruan egoten diren dorre eolikoen abiadura aldagailuan gomazko pieza bat aldatu behar izaten da zenbait denboratik behin. Goma horrek ez du askorik balio, baina helikopteroz joan behar da, dena desmuntatu eta lanak gelditu. Hori aldatzea asko kostatzen da. Beraz, irauten duenaren bikoitza iraungo balu, sekulako aurrerapena litzateke». Odriozolak emandako adibide horretako lan horixe egiten dute, esaterako, Shine proiektuko bazkide batzuek. Eta, hortaz, interes handia dute Cidetec-ek egindako asmakizunean. ‘Terminator’ filmetik urrun Egia bihurtzetik gertuago al dago Terminator filmean behin eta berriz apurtu eta osatzen zen robot hura? «Interneten erabiltzaile batzuek aritu ziren horri buruz, eta batek zioen elkarren ondoan utzi eta piezak itsastea ez zela ezer, piezak bananduta jarri eta bakarrik itsatsi beharko lukeela. Urrunago dago hori, kar-kar». Denborarekin gizakiak halakorik sortu ahal izatea ez du baztertzen, hala ere. Zientzialari gehiago ere ari dira polimeroarekin probak egiten. «Sistema asko daude, baina gureak duen alde ona da ez dela ezer behar bera itsasteko, eta gainera oso ohikoa den materiala erabili dugula. Industrian erabiltzen diren materialetatik abiatuta egiten dugu guk. Poliuteranoa ondo ezagutzen du industriak lehenagotik». Arlo horretako enpresen artean «lehia handia» dagoela azaldu du. «Nor bere materiala asmatzen eta ari aplikazioak aurkitzen ari da; guk hau sortu dugu, eta beste batzuek antzekoak sortuko dituzte». Kontuak kontu, lan askoren emaitza izan da. Eta prozesua ez da erraza izan Odriozolaren iritziz. Orain bi urte izan zuten ideia, eta «zorionez», lortu egin dute ideia gauzatzea. Izan ere, ikerkuntzan ez da batere arraroa arrakasta baten aurretik  saiakerak nahiz porrotak egotea. Hain zuzen, material honen aurretik, beste material batekin ere egin zuten proba, eta baita lana argitaratu ere, iaz. «Kontzeptua probatzeko egin genuen. Argitaratu zen, eta kito». Silikonazko goma zen kasu hartan, eta barruan zilarrezko nanopartikulak zituen. «Antzeko eragina zuen, baina industrialki eskalatzeko ez zuen balio. Izan ere, garestia da zilarrezko nanopartikulak dituen goma. Material merkea behar duzu industriarentzat interesgarria izateko». Ikerlariak mundu osoan, eta arlo guztietan egiten ari diren lanak «egunero harritzen» dute Odriozola. Haietan aipagarriena azaltzeko eskatu, eta pentsakor gelditu da une batez, zientzialari on gisara. Azkenean, beste polimero bat hartu du hizpide. «Material bat badago, zenbat eta gehiago jo, are gogorrago egiten dena. Orain gutxi publikatu zuten, eta polita iruditu zitzaidan. Ondo pentsatuta zegoen». Polimero mota hori jotakoan, barruan mekanismo kimiko batzuk gertatu, eta are gehiago gogortzen da materiala. Harrigarria izan arren, zertarako balio lezake horrek? Oraingoan erantzuna azkarrago dator: «Horrelako gauza berriak ateratzen direnean, denek horixe galdetzen dute. Elektrizitatea nola egin asmatu zuen zientzialariari ere galdetu omen zioten, orduan ez zekitelako zer zen elektrizitatea. Eta hark esan omen zuen: zertarako balio du jaioberri batek? Sekulako posibilitate pila du oraintxe jaio den batek. Polimero horrek ere, ez dakigu zertarako balio duen; gauza askotarako, espero». Plastikoarekin lotutako ikerketa gehiago ere ari dira egiten Odriozola eta lankideak. Horien artean, hondakinetatik plastikoak lortzeko egiten ari diren lana nabarmendu du. «Proiektuetako batean Kolonbiako bazkide batek bananak ekoizten ditu, eta Txileko beste batek, otarrainxkak. Batek banana landareen tonaka txorten hondakin izaten du, eta besteak tonaka otarraintxo azal. Horiek plastiko bihurtzeko materialak ateratzen ari gara». Asko entzuten da krisiak ikerkuntzan eragin handia duela. Odriozolak eta bere lankideek ere nabaritu dute, baina azpeitiarrak ez du uste ikerkuntzan beste sektoreetan baino gogorrago ari denik eragiten. «Lehengoaren lan bikoitza egin behar da proiektuak lortzeko, baina ari gara aurrera ateratzen». Gainera, ikerketaren munduan elkarlana ohikoa izaten da. Batzuetan lehiakideak diren enpresa edo taldeak, beste batzuetan laguntzaile bihurtzen dira. «Proiektu batzuen aurrean bakarka txikiak izan gaitezke eta elkartuta joanda indar gehiago egin daiteke. Beste batzuetan, elkarlana egon daiteke batek behar duen azpiegitura beste batek duelako, adibidez. Beste zentroekin asko jarduten dugu elkarlanean. Gainera, ez hemengoekin bakarrik. Europakoekin eta mundu zabaleko enpresa, zentro eta unibertsitateekin ere bai». Proiektu asko dituzte esku artean, eta horrek asko bidaiatzea eskatzen du. «Proiektu bakoitzean bileraren bat izaten dugu sei hilero, bazkide bakoitzaren egoitzan txandaka». Mundu mailan ikerkuntza arloa nola dagoen galdetuta, Odriozolak uste du oraindik asko dagoela egiteko. Hala ere, «sekulako aurrerapenak ikusiko ditugu, eta gazteak animatu nahi nituzke zientziaren mundura gertura daitezen, ederra baita».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide