Jesus Albizuri azkoitiarrak 1996tik egiten du lan Canal 9 telebista katean
Jesus Albizurik (Azkoitia, 1959) Valentziako RTTVko Canal 9 telebista publikoan egiten du lan 1996az geroztik, soinu teknikari gisa. Azkoitiarrak ziurgabetasunez bizi du katearen egoera, gainontzeko langileek bezala. Izan ere, Valentziako Auzitegi Nagusiak iaz onartutako 1.198 kaleratzeak indargabetu ondoren, Valentziako Gobernuak katea ixtea erabaki zuen joan zen astean. Rosa Vidal irrati-telebistako zuzendari ohiaren postua hartu du Erneso Morenok, katea «likidatzeko». Langileek itxiera negoziatzeko eskatu dute, katea «bideragarria» delakoan, baina Alberto Fabra erkidegoko presidentearen hitzetan itxiera «negoziaezina» da. Albizurik auziaren inguruan hitz egin du UROLA KOSTAKO HITZA-rekin.
Joan zen astean katea itxiko dela jakin zenuten. Espero al zenuten?
Espero nuen, bai. Valentziako Auzitegi Nagusiak kaleratzeak indargabetu zituenean lanean nintzen, eta kaleratzekoak zituzten kide askok pozez gainezka hartu zuten berria. Baina susmo txarra nuen, ez nuen uste gauza onik ekarriko zuenik. Arratsaldean Fabrak esan zuenean ezinezkoa zela kostuari aurre egitea eta, beraz, itxi egingo zuela, guztiek lurra jo zuten. Hasieran irabazi egin genuen, baina horrekin batera kontrako erreakzioa etorri zen.
Nola iritsi da katea egoera honetara?
Zor izugarriak ditu. Asko gastatu da, eta gaizki, gainera. Egoera ekonomiko larria du, baina egoera horren erantzule nagusiak agintariak dira. Lapurreta ugari eta kontratu eskasak egon dira. Handikerietan ibili dira. Aita Santua Valentziara etorri zenean, esaterako, inoizko muntaia handiena egin zen; ia 11.000 milioi euro gastatu zuten.
Gurtel auzian inplikatutako hainbat lagunek esku hartu zuen, eta etekinak lortu zituen gertaera hartatik. Hau bezala beste kontratu asko egin dituzte. Hainbatetan Madrildik esatariak ekarri dituzte, 3.000 euroren truke. Puzten joan da, eta azkenean lehertu egin da. Despotismoa erabatekoa da. PP dago boterean, eta kate honetan alderdiaren inguruko familia osoak aritu dira lanean. Batzuk lanerako egokiak dira, baina beste batzuk ez.
Langileek orain salatu duzue manipulazio informatiboa jasan duzuela.
Bai. Jende asko ari da kritikatzen orain arte langileek ez dutela halakorik esan, baina langileek kasu askotan egin dituzte salaketak, eta justizia oso makal doa. Katea PPren progandarako tresna izan dela garbi dago. Gauza asko ezkutatu dira. Aita Santua etorri zenekoa eta metroan istripua izan zenekoa ditut gogoan. Oso gogorra izan da. Kazetariek soilik ematen dieten gidoia irakurri baino ez dute egiten, eta ezin da iritzia eman. Hala eginez gero, kalera zoaz. Zaila da langile guztiak mugitzea; askotan nork bere buruan soilik pentsatzen du.
Sentsura handia egon al da?
Informazio asko ezkutatu izan da. Estatuko beste lekuetan eman den informazioa hemen ez da argitaratu.
Agindu zehatzik jasotzen zenuten?
Soinu teknikaria izanda, nik neuk ez. Pentsatzen dut kazetariek izango zutela. Kritika eginez gero, postua arriskuan zuten.
Langileek beste norabide bat hartu duzue azken astean. Altxa egin zarete.
Rosa Vidalek dimititu ostean zuzendaritzan lau eguneko hutsunea egon da. Langileok autogestionatu egin dugu gure burua. Kazetari asko PPren ingurukoak diren arren, postua galtzeko arriskuan ikusi dutenean, jarrera aldatu egin dute. Bestela, lehen bezala jarraituko zuen guztiak. Katea ixteko arrazoia audientzia baxua dela arrazoitu nahi izan dute. Nola ez du bada audientzia baxua izango?Azken bi hilabeteetan, ordea, kateak irudi berria eman nahian pluralagoa izateko pauso batzuk eman ditu.
L'Alqueria blanca telesaila, esaterako, izugarrizko arrakasta ari da izaten, eta albistegien audientzia ere igo egin da. Egoera ere berezia da, dena den.
Fabrak esan berri du hezkuntza edota osasun sistema lehenetsiko dituela. Zer irakurketa egiten duzu?
Demagogia hutsa da hori; ez du inork sinesten hala denik. Obra faraonikoetan dirutza izugarria gastatu dute; guztiek galerak eragin dituzte, gainera. Hor daude Arte eta Zientzien Hiria, 1 Formulako azpiegiturak, aireportua... Dirua bota egin dute, baina baita jaso ere. Ez dute inolako kontrolik izan diruarekin. Kudeaketa ezin txarragoa izan da.
Asko galduko al du gizarteak telebista publiko hau gabe?
Valentzian kultura eta hizkuntza propio bat dute, eta hori mantendu beharra dago. Telebistarik gabe galtzeko asko izango luke gizarteak. Euskal Herrian ere, esku pilota EiTB-ri esker berpiztu da neurri batean. Horrez gain, TV3 katea ere itxi zuten duela bi urte. Beraz, hutsunea izugarrizkoa izango da. Gainera, katea ixten bada ikus-entzunezko arloko 1.700 lagun langabezian geratuko dira, baina zeharkako beste 4.600 laguni ere eragingo dio.
Honen aurrean nola erantzun dute herritarrek?
Larunbatean manifestazioa egin zuten. Jendeak hartu zuen parte, baina gehiago espero nuen. Valentziako gizarteari mugitzea kostatu egiten zaio. PPrekin maiteminduta daudenak eta hori galdu ezin duten asko daude. Pentsa, erkidegoan, PSOEk 30.000 militante baino gutxiago ditu, eta PPk 250.000 baino gehiago. Urte eta terdi barru hauteskundeak dira, eta boto gehienak PPk lortuko dituen arren, gehiengo absolutua galduko du.
Auzia nola bizi izan duzue?
Gaizki, luzea izan delako. Abuztua iritsi, eta ez genekien jarraituko genuen edo ez. Hasieran esan zidaten abuztuan langabezian geratuko nintzela, baina azken momentuan luzatu egiten zuten lanaldia. Badago jendea oposizioak aterata 24 urtez lanean aritu eta lehenengo egunean kaleratu dutena. Aitzakia bezala erabili dute lana ez dutela ondo egin.
Ezkor al zara katearen etorkizunaz?
Bai, itxi egingo dute azkenean. Azkenean, gaizki pentsatu eta asmatu egiten duzu.