Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
TS Fundicioneseko Akzionisten Batzar Orokorrak astelehenean onartu zuen Bideragarritasun Plana eta herenegun goizean aurkeztu zien langileen ordezkariei. Planean, lantegitik 50 langile kaleratzea (nagusien arabera 110 geldituko dira), datorren urtean gelditzen diren langileei soldata %25 jaistea eta urteko lanaldia 1.593 ordukoa izatea jaso dute. Enpresaren esanetan, «Bideragarritasun Planak TSren proiektu industriala bermatu eta enpresa indarberritzea ahalbidetuko du». Bideragarritasun Planaren helburua, «enpresa Europako beste lehiakideen mailara jartzea eta epe ertain baterako suspertzeko asmoarekin enpresaren industria jarduera mantentzea da».
Enpresak irteera izateko Bideragarritasun Plana «datozen egunotan» onartu beharra dagoela diote nagusiek. «Azken hilabeteetako ezegonkortasunak eta arazoek bezeroak gaur egungo egoera aztertzea ekarri dutelako. Horregatik, TSk bezeroei behar duten lasaitasuna eskaintzen ez badie beste hornitzaile batzuk bilatuko dituzte. Dagoeneko, bezero batzuk euren modeloak eta piezak erretiratuko dituztela adierazi dute. Fundizio batean modeloak bezeroenak izaten dira eta hoiek lantokitik ateratzeak bezeroarentzako lan hori galtzea esan nahi du».
TS Fundicionesen jardueran «krisiak» bete-betean jo duela esan dute enpresariek, 2012 eta 2013 artean bezeroen eskaria tonatan %43 jaitsi da. «Ia erosle guztiek Txinako produktuaren aldeko apustua egin dute. Horrez gain, krisiaren aurrean, beste ekoizle batzuk euren fundizioak indartzera jo dute». Gaur egun Zestoako enpresak 28 milioi euroko zorra duela diote eta aurtengo fakturazioa 20 milioi eurokoa aurreikusten dutela. «Beraz, enpresaren estruktura nabarmen eraldatu beharra dago bideragarria izango bada».
Langileen iritzia
Langileek enpresak aurkeztutako Bideragarritasun Plana «negargarria» dela esan diote UROLA KOSTAKO HITZA-ri, orain sakon aztertuko dutela gaineratu dute, nahiz eta enpresak plana onartu ezean konkurtsora sartuko dela adierazi dien. Bihar eguerdian TS Fundicioneseko langileen asanblada biltzekoa da.