Uzkudunen kasua aztertuko du ostiralean Auzitegi Nazionalak

Ane Olaizola 2013ko azaroaren 13a

Maritxu Uzkudun preso errezildarraren espetxealdia aurki amaitu daiteke. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak ostiralean osoko bilkura egingo du, Parot doktrinaren menpe dauden presoen etorkizuna erabakitzeko, eta Europa Press albiste agentziak epaitegiko iturriak aipatuz jakinarazi duenez, besteak beste Uzkudunen kasua aztertuko dute hango 17 epaileek. Uzkudunez gain, honako preso politikoen kasuak aztertuko dituzte: Antxon Lopez Ruiz, Inma Noble, Francisco Lujanbio, Josu Diaz de Heredia, Pello Odriozola, Juan Mari Gabirondo, Kepa Rezabal, Mitxel Turrientes, Jose Felix Zabarte, Gonzalo Rodriguez eta Andoni Alza. Laureano Ortega eta Olga Oliveira GRAPOko kideen kasuak ere izango dituzte aztergai. Espainiako Auzitegi Gorenak Estrasburgoren epaia Parot doktrina aplikatu zuten auzitegiek beraiek ezartzea ebatzi ondoren, ostiralero bilerak egingo ditu Zigor Salak, eta kasuak banaka aztertu ostean hasiko dira presoak kaleratzen. Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiekin alderen bat konforme ez balego, Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera luke. Estrasburgok joan zen hilean doktrina baliogabetu zuenetik 11 preso geratu dira libre. Uzkudun Granadako (Espainia) espetxean dago egun preso. 2009ko abuztuaren 27an irten behar zuen kartzelatik, zigor osoa beteta, baina espetxealdia 30 urtera luzatu zioten, 2021eko otsailaren 5era arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide