Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zarauzko Udalak Zarauztik mundura, mundutik Zarautzera kazetaritza beka emango du, herriko migrazioa aztertu eta testigantzak jasotzeko helburuarekin. «Gure herria askotariko migrazio prozesuetan etorritako emakume eta gizonen emaitza da. Zarautzek hainbat garai historikotan hartu izan ditu kanpotik etorritako bizilagun berriak, batez ere joan den mendeko 60. hamarkadan eta azken hamarkada honetan», adierazi dute erakundetik. Migratzaileak izan ziren eta diren zarauztarren bizipenak, testigantzak eta bizitza istorioak ikertu eta jendarteratzeko sortu du, hain zuzen, beka hori. «Modu honetan, etorkizunerako migratzaile izan diren zarauztarren lekukotasunak behar bezala jaso eta gordeko ditugu».
Norbanakoek edota elkarteek aurkeztu ahalko dituzte proietuak. Abenduaren 9an amaituko da lanak aurkezteko epea. Zarauzko Udaleko Jendarte Zerbitzuetan (Zigordia kalea, 33) utzi beharko dira proiektuon txostenak, astelehenetik ostiralera 08:30-14:30 bitartean, edota postaz bidali, jaranguren@zarautz.org helbidera.
Onuradunek gehienez sei hilabete izango ditu proiektua egiteko, idatziz zein ikus-entzunezko formatuan. Idatzizko lanek gutxienez 50.000 karakterez osatuta egon beharko dute, gerora liburu gisara argitaratu ahal izateko. Bideoek, berriz, dokumental formatua izan beharko dute eta gutxienez 45 minutu iraun. Udalak 3.000 euro emango ditu horretarako. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943-005127 telefonora deitu ahalko dute.