365 egun Ispilu Arten

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 13a

Juan Luis Mendizabal 'Mendi', artxiboko irudi batean (Gari Berasaluze/Hitza) Mendiri buruzko lana emango dute hilaren 29an galerian; bihar Oteizaren inguruko emanaldia izango da. 1992ko uztailean urtebete iraungo zion proiektu batean murgildu zen Juan Luis Mendizabal Mendi pintorea. Garai horretan egunero-egunero goiza argitu bezain pronto joaten zen Borgeto aldera pintzelak eta mihizea hartuta. Eguna joan eta eguna etorri itsasoa, Getariako arratoia, hondartza... irudikatzen zituen koadro txikitan. 1993ko abuztuan amaitu zuen lan hori. Helburu bakarra zuen: lekuak eta objektuak urte garai eta argiaren arabera ere aldatu egiten direla erakustea. Hori ekarri nahi izan du gogora Ispilu Arte galeriak, eta hala sortu du 365 egun Mendirekin film laburra, Kutxa Gizarte Ekintzaren laguntzarekin. Azaroaren 29an estreinatuko dute, 19:30ean. Fotograma azkarrekin osatutako ikus-entzunezkoa da, eta margolari zarauztarraren alde inpresionista islatzen du. «365 koadroak kronologikoki elkarren atzean jarrita ikusten da nola aldatzen diren paisaiaren tonalitateak, argia, urtaroak... Oso inpresionista da, argia asko zaintzen da», azaldu du Mar Arregik, Ispilu Arteko arduradunak eta artistak. Bera da, hain zuzen, lana osatu duena. Musika Zarauzko bizilagun Marek Barath eslovakiarrak egin du, eta, hain zuzen, hark girotuko du ondoren galeria, bere alaba Norarekin batera eskainiko duen kontzertu akustikoarekin. Arte galeriak omenalditxoa egin nahi izan dio Mendiri, baita Jorge Oteizari ere. Horren erakusgarri da udatik ikusgai dagoen Arratoiak eta baleak. Mendi eta Oteiza, hizketaldiak  erakusketa. Bi artisten obran baino gehiago, haien izaeran eta ikuskeran sakontzeko helburuarekin antolatu dute erakusketa hori. Mendi, Aitor Sarasketa, Lola Sarratea, Viki Claramunt eta Ane Agirre, Iñigo Ormazabal, Josean Legorburu, Antonio Peña, Marian Aranburu, Txiki Agirre Keixeta, Juan Pablo Alvarez, Xanti Iruretagoiena, Asier Laspiur, Mar Arregi eta Joan Artigas Planas artistek bi maisuek Getariako San Anton mendiari buruz zuten ideia berrinterpretatu, eta artelan horiek erakusgai jarri dituzte Ispilu Arten. Bertaratu ez denak badu ikusteko aukera oraindik. Erakusketa hori ez da, ordea, Ispilu Artek Oteizari eskainitako ekitaldi bakarra. Hain zuzen, bihar haren lana eta bizitzari buruzko pasarteak bideoan eskainiko dituzte, 19:30etik aurrera. Lehiaketa eta ikastaroak Gabonak bitartean jardunaldi ugari egingo ditu galeriak. Batetik, Modelo zinemaren inguruan argazki lehiaketa antolatu du hilaren 30ean, Zarauzko Argazkilari Elkartearekin elkarlanean. Lehiketa horren helburua argazkilaritzan sormena sustatzea, zabaltzea eta aitortzea da, eta edonori dago zabalik. Parte-hartzaileek eraikinaren «esentzia» harrapatze aldera, Modeloko ateak zabalduko dituzte egun horretan, 16:00etatik 21:00etara. Argazkilariek txoko orori atera ahalko diote argazkia, baita filma ematen ari direnean ere. Orduan 10 minutu izango dituzte irudiak egiteko. Emaitzak abenduaren 15a bitartean igorri ahalko dira galeriara (Gipuzkoa kalea, 24 behea). Bakoitzak gehienez bost argazki aurkeztu ahalko ditu lehiaketara, paperean eta nahi duen teknika baliatuta. Atzealdean idatzi beharko dira egilearen datuak eta lanaren izenburua. Abenduan emango dute epaileek erabakiaren berri. Bilduma onenaren jabeak 180 euro jasoko ditu eta banakako hiru argazki ederrenak egin dituztenek, berriz, 75 euro bakoitzak. Gerora, epaimahaiak aukeratutako 20 irudiekin erakusketa bat antolatuko du Ispilu Artek. Lehiaketan parte hartu ahal izateko izena eman beharko da, ispiluarte@euskalnet.net helbidera mezua bidalita. Halaber, ohiko ikastaroak eskaintzen jarraituko dute. Taldeak osatu ondoren, urtarriletik aurrera Iñigo Ormazabalek sumi-e  edo tinta eta pintura japoniarra, erretratu eta pintura eskolak eskainiko ditu, eta Mar Arregik, berriz, Adobe Photoshop erabiltzen irakatsiko die herritarrei. Guztiak hasiera mailako ikastaroak izango dira. Interesa dutenek 675-70 40 66 telefonora deitu ahalko dute ikastoroetan izena emateko. Gabonetara begira ere hasi dira prestaketa lanetan. Besteak beste, Bildumagintzarako lehen pausoak izeneko erakusketa antolatuko dute eta baita Gabonetako enkantea ere. Urtero legez, artista batek jaiotza berezia egingo du, eta hura ere ikusgai egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide