TS Fundiciones lantegian 50 langile kaleratu eta soldata %25 jaitsi nahi dute

Nerea Uranga 2013ko azaroaren 12a

TS Fundiciones enpresak bideragarritasun plan zorrotza eta gogorra aurkeztu diete gaur goizean beharginen ordezkariei. Langileek UROLA KOSTAKO HITZA-ri azaldu diotenez, planaren bidez 145 langileetatik 50 kalera bota nahi dituzte, gelditzen direnei soldata %25 murriztu, eta urteko lanaldiari 100 ordu gehitu, eta egutegi malgua ezarri. Langileek ez balute bideragarritasun plana onartuko, TS Fundiciones enpresa konkurtsoan sartuko litzateke. «Dagoeneko aurre konkurtsorako abisua sartuta dutela esan digute nagusiek». Planaren gaineko erantzuna emateko zortzi eguneko epea jarri die enpresak beharginei. Langileen ustez, «plana oso txarra eta negargarria da». Baina, «ondo-ondo aztertu» eta gero erantzungo diote enpresari.

Gaur 10:00etan elkartu dira TS Fundiciones-eko nagusiak eta langileen ordezkariak, eta bileran aurkeztu dute bideragarritasun plana. Enpresak neurri gogorrak aurkeztuko zizkiela espero zuten langileek. Bileran «tentsio handia» egon dela azaldu dute langileek. «Baina errespetuz entzun dugu esandakoa, eta bideragarritasun plana jaso. Plana hartu edo bestela konkurtsora joan beharra jarri dute mahai gainean, eta erantzuteko eta erabakiak hartzeko oso epe motzak jarrita». Bileraren ondoren langileen asanblada bildu da,  eta plana «ondo aztertzeko denbora hartzekotan» gelditu dira. Zetorrenaren abisua TS Fundicionesen «premiazko neurriak hartu beharrean» daudela aurreratu zuen enpresak pasa den astean. TS-k gaur egun 28 milioi euroko zorra du. «Arroan 2007an hasi zuen enpresak bere jarduna (eolikoen sektorean jarduten du) eta ordutik, 2008a salbu, beste urte guztietan irabazirik ez du izan». Aurten 20 milioi euroko fakturazioa izatea aurreikusten du, «eskaria jaitsi egin delako eta prezio baxuagoetan saltzen delako». Baina, enpresak gaur egun dituen kostuei aurre egiteko ekoizten duten kopurua ez da nahikoa nagusien arabera, «Bideragarritasun Plana datozen egunetan martxan jartzen ez badugu, enpresak bukaera gogor bat izatera kondenatuta dago», eman zuten abisu joan den ostiralean. «Langileen ahalegina» Bideragarritasun plan «negargarria» aurkeztu eta gero ere, TS Fundiciones-eko langileak enpresaren alde egiteko prest daudela berretsi dute. Azken soldata kobratu gabe dutelako biharko greba deituta zuten, baina bertan behera uztea erabaki dute gaur. «Langileok greba egitea enpresarentzako kalte handia dela esan digute nagusiek, orain lana badagoela eta bezero batzuk atzera egin eta lana beste tokiren batera eraman dezaketela argudiatuz. Bideragarritasun plana aurkeztu diguten bileran esan digute hori. Segidan egin dugu langileen asanblada, eta hitz egin ostean greba bertan behera uztea erabaki dugu. Beste behin, lantegiaren alde egiteko prest gaudela erakusten ari gara; langileok beste ahalegin bat egingo dugu orain ere». Urtarrilean enpresaren eta langileen artean lantegiaren etorkizunaren gaineko akordioa sinatu zutela ere gogorarazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide