"Sei enpresa elkartu eta hotelak hornitzen ari gara"

Onintza Lete Arrieta 2013ko azaroaren 11

Bainugeletako altzariak egiten dituzte Azpeitiko Codis enpresan. 1987an sortu zuten, familia enpresa bat da, eta 20 langile ditu. 2008an hasi ziren beraien produktuak esportatzeko lehen pausoak ematen, eta gaur egun bertan nahiz Europako hainbat herrialdetan saltzen dituzte altzariak. Habic egurraren cluster-eko partaideak ere badira. «Dena du ona klusterrak», azaldu du Joseba Arregi enpresako kudeatzaile azpeitiarrak. Hain justu, Azpeitian du bulegoa egurraren industria indartzeko sortutako elkarteak. Nola harrapatu du krisiak zuen enpresa? Familia enpresa da, eta beraz, ez dugu handinahikeria handirik. Gu bezalako enpresak normalean zorrik gabe, ondo egoten gara zentzu horretan. Krisiari beste batzuk baino askoz hobeto egiten diegu aurre gure gisako enpresek. Habic cluster-eko partaideak zarete. Proiektu berri samarra da hori, ezta? Bai. Eta guk behintzat hitz onak besterik ez ditugu klusterrarentzat. Oztopo edo muga asko gainditu dira egitasmo horri esker. Lehen enpresok dena ezkutuan egiten genuen, ez genuen nahi ondokoak egiten genuena ikusterik. Orain pentsakera hori zeharo gainditu dugu, eta kooperazioa askoz indartsuagoa da. Hortik sortu zen klusterra, eta beti positiboa izan da. Zerbait behar duzunean era askotako laguntza duzu han, kolaborazio asko sortzen da eta baita proiektu zehatz eta interesgarriak ere. Zuen kasuan, iristi al da proiekturik bide horretatik? Bai. Sei enpresa elkartu eta hotelak hornitzeko espezializatu gara. Enpresa osagarriak gara: guk bainugelak egiten ditugu, Trekuk altzariak, Sellesek bainugeletako osagarriak, Ondarretak mahaiak eta aulkiak, Ezarrik besteak beste igerilekuetako mosaikoak, eta Veluxek argiztapena egiten du. Hotel bat hornitzeko indar handia hartzen dugu elkarrekin. Bakarka ezingo genukeen ezer egin, baina denon artean egiten dugun eskaintza askoz indartsuagoa da. Proiektu horiez gain, atzerrian ere ari zarete saltzen zuen altzariak, ezta? Bai, 2008an eman genituen esportatzen hasteko lehen pausoak, eta horretan ari gara. Espainia mailako krisia gainditzeko, atzerriko lana egiten ari gara. Eta horretan egiten dugu esfortzu handiena gaur-gaurkoz. Izan ere, zuen produktua eraikuntzari erabat lotuta dago, ezta? Bai eta ez. Gure produktuak erreformetarako bideratuta ditugu. Etxebizitza berrietan oso gutxi saltzen dugu. Betidanik izan da hori gure arloa. Enpresa txikia gara, ekoizpen txikia dugu, eta betidanik produktu pertsonalizatuak egin izan ditugu. Hemendik kanpora, zein herrialdetan saltzen dituzue altzariak? Erresua Batuan, Frantzian, Belgikan, Portugalen eta Suedian saltzen dugu, esaterako. Batzuetan beste batzuetan baino indartsuago gaude, baina argi dugu hori indartuko dugula. Portzentajeak handitu nahi ditugu. Gure ekoizpenaren %15 atzerrirako da gaur egun, eta gure asmoa da hemendik urte batzuetara %50 izatea ehuneko hori. Zein motatako saltokietan saltzen duzue atzerrian? Bi gama ditugu, bat altuagoa da bestea baino. Gama altuak banatzaile txikientzat izaten dira normalean; sukaldeak eta bainugelak saltzen dituzten saltoki txikientzat izaten dira, baita proiektu zehatz batean lanean ari den arkitekto edo dekoratzaileentzat ere. Gama baxuagoak, berriz, saltoki handiagoetara bideratzen saiatzen gara. Produktuak estandarizatuagoak dira, eta horrek ahalbidetzen digu kate handietara iristea.
  • Azpeitian du egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko egurraren klusterrak Egurraren industriaren inguruan sortutako elkartea da Habic klusterra; habitat, egurra, bulegoa eta contract sektoreetakoa, hain zuzen. Euskal Autonomia Erkidego mailako erakundea da, eta Azpeitian du egoitza (Anardi 5, Tecnalia eraikina). Helburu argiarekin sortu dute: sektorearen bilakaera eta lehiakortasuna bultzatzea. Horretarako, enpresen arteko kolaborazioan oinarritutako ekintza estrategikoak garatzen ditu. Informazio gehiago eskura daiteke www.clusterhabic.com webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide