"Krisia ez da puntuala, gelditzeko etorri da eta estrategiaz aldarazi digu"

Onintza Lete Arrieta 2013ko azaroaren 11

Jose Maria Ansola, Aner informatika enpresako kudeatzailea (O.L.A./Hitza) Zarauzko Aner informatika enpresak kanpora jotzea erabaki du krisiari aurre egiteko. Zarauztik Gasteizerako bidea ireki zuen aurrena; Madrilera (Espainia) eta Bartzelonara (Herrialde Katalanak) gero. Eta krisia bete-betean iritsi zenean, Kolonbiarako bidea hartu zuen. Bulegoa zabaldu du han, eta inguruko herrialdeetan ere sartzeko asmoa du. «Software-a globalizatu egin da eta ez dugu beste aukerarik», azaldu du Jose Maria Ansola kudeatzaile zarauztarrak. Iaz hasi zineten zuen produktuak Kolonbian saltzen, baina estrategia lehenagokoa da, ezta? Orain zazpi edo zortzi urte hasi genuen estrategia hau. Software enpresa bat izanik, erronka handia zen Euskaditik ateratzea bera. Izan ere, kanpoan saldu ahal izateko, fisikoki enpresa han egotea eskatzen zuen. Konplexua da. Software-a saltzea ez baita kaxa bat saltzea bezala. Enpresa asko handitu zen tamainaz, eta prozesu konplexu horretan ari ginenean, krisia iritsi zen. Gainera, krisiaren aurretik enpresa hiru bider handitu genuen; 10-15 langile izatetik 40 baino gehiago izatera pasatu ginen laupabost urtetan. Eta orduan zer egin zenuten? Egoera berria onartu eta maila guztietan mantentzea izan zen lehen lana: enplegua eta delegazioak mantentzea. Hasierako sustoa pasata, ikusi genuen krisiarena ez zela zerbait puntuala. Krisia gelditzeko etorri da, eta estrategiaz aldarazi digu. Krisiak kanpora joatera bultzatu gaitu, baina oso argi dugu krisiarekiko independentea dela hori. Azken batean, krisiari eskerrak eman beharrean gara, lehenago atera garelako kanpora. Baldintza hobea- goetan, erosoagoetan, kosta egiten da pauso hori ematea. Zergatik diozu egoera hau gelditzeko datorrela? Izan ere, bi aukera daude: guk jotzea kanpora, edo beste batzuk etortzea hona. Hori ari gara ikusten gure bezeroekin. Hemengo enpresak lantegiak egiten ari dira kanpoan, eta hornitzaile gisara, aurrena zuri galdetzen dizute ea informatika sistema osatzen lagunduko diezun. Bestela, hango bat hartuko dute lan hori egiteko. Galdera horri erantzutea oso konplexua da. Baiezkoak gauza asko dakartza berarekin, eta ezezko batek ere bai. Beraz, konturatu ginen ez zela zabaltze estrategia bat bakarrik, baita defentsa estrategia bat ere. Bezeroak mantentzeko, ezta? Bai. Gure bezero batek lantegiak jartzen baditu Mexikon, Argentinan edo Txinan, eta ezetz esaten badiogu, argi dago beste norbait kontratatzera behartzen ari garela bezeroa. Beste hornitzaile horrek hartzen baditu kanpoko lan guztiak, zergatik ez dute harekin lan egingo hemen ere, gu baldin bagara salbuespena? Software-a globalizatzen ari zela ikusi genuen, eta erabaki genuen beharrezkoa zela gure zerbitzuak beste herrialdeetan ere eskaintzea. Zein pauso eman dituzue? Aurrena gure bezeroak zeuden herrialdeetara atera ginen, bezeroen lantegiak hornitzera: Brasilera, Mexikora, Ekuadorrera. Horrek lasaitu egin gintuen, eta irteteko beldurra kendu zigun. Hurrengo pausoa modu aktiboan ateratzea izan zen. Iaz hasi ginen horretan. Eta gero? Estrategia zehatza egin genuen.  Zein herrialdetara joango ginen erabaki, eta hegazkineko txartelak erosi genituen. Txorakeria dirudi, baina txartelak erosi eta alde egitea da garrantzitsuena. Brasildik hastea pentsatzen genuen, denek oso ondo hitz egiten zutelako: hazten ari den herrialdea, herrialde handia, mugimendu askokoa, Olinpiar Jokoak hartuko dituena... Baina sakonago begiratzen hasi, eta traba asko zituela ikusi genuen. Esaterako? Lehia handia dago, denak hara sartzen ari direlako; hizkuntza ere eragozpen txiki bat da guretzat; eta herrialdeak traba asko jartzen ditu lege eta fiskalitate aldetik. Aukera hori zail ikusten ari ginenean Kolonbiara joateko aukera izan genuen, eta handik hasi gara. Bulego bat ireki dugu hango bazkide batzuekin batera. Zein dira zuen enpresarentzat herrialde egokienak? Pazifikoko Aliantza deiturikoaren barruan daudenak: Txile, Peru, Kolonbia eta Mexiko. Beraien ekonomiak ondo doaz, hazten ari dira, eta ez dute arazo gehiegirik. Software-a saltzen dugunez, gaztelaniaz egiten den herrialdeetatik hasi gara. Orain arte ez duzue murrizketarik egin behar izan edo ERErik eduki, ezta? Ez, zorionez ez dugu beharrik izan. Baina beldurra hor dago: enpresaburuak, langileak, administrariak... denok dugu. Eta egoera asko aldatu da. Orain zazpi urte ia hilero norbait kontratatzen genuen, aurrera begira prestatzeko. Orain ezin dugu inor hartu formatzeko; dakien bat hartu beste erremediorik ez dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide