TS Fundiciones husten ari direla eta "neurri gogorrak" espero dituzte langileek

Nerea Uranga 2013ko azaroaren 8a

TS Fundicioneseko langileen gaurko agerraldia, Arroako lantegiaren aurrean (Nerea Uranga) Zestoako TS Fundiciones lantegian kontuak gori-gori jartzen hasi dira. Alde batetik, langileek gaur Arroako plantaren aurrean eman duten prentsaurrekoan adierazi dutenez, "enpresaren aldetik eraso berriak" espero dituzte eta enpresak asteartean aurkeztuko dien Bideragarritasun Plana "oso-oso gogorra" izango dela aurreikusten dute. Egun hauetan nagusiak lantegia husten ari direla salatu dute langileek, "guk egiten dugun lana eta lana egiteko erabiltzen ditugun bitartekoak (moldeak-eta) beste enpresa batzuetara eramaten ari dira, bai akzionisten lantokietara (Wec) eta baita beste lantoki batzuetara ere. Lantokia husten ari dira! Hau al da mahai gainean daukagun etorkizuna?". Langileen arabera, neurri hoiekin "egoera ondo prestatu" dute nagusiek langileei "txantaia egin, beldurra sartu eta mehatxu gehiago mahai gainean ipintzeko". Bestetik, TS Fundicionesen "premiazko neurriak hartu beharrean" dagoela esanez oharra kaleratu du gaur enpresak. Datorren astean enpresako akzionisten batzordeak bideragarritasun plana onartuko du eta segidan Enpresa Batzordeari aurkeztuko diote. Datorren asteartean (azaroak 12) izango da hori.  TS-k gaur egun 28 milioi euroko zorra du, "Arroan 2007an hasi zuen enpresak bere jarduna (eolikoen sektorean jarduten du) eta ordutik, 2008a salbu, beste urte guztietan irabazirik ez du izan". Aurten 20 milioi euroko fakturazioa izatea aurreikusita du enpresak, "eskaria jaitsi egin delako eta prezio baxuagoetan saltzen delako". Baina, enpresak gaur egun dituen kosteei aurre egiteko ekoizten duten kopurua ez da nahikoa nagusien arabera, "Bideragarritasun Plana datozen egunetan martxan jartzen ez badugu, enpresak bukaera gogor bat izatera kondenatuta dago". Egoera zaila izan arren, "denon artean enpresa aurrera ateratzeko beharrezkoa egiteko" deia egin du enpresak, "aurrerantzean enpresa hau lehiakorra izateko borondatea badugu denok, neurriak hartu beharra daukagu". Lantokiaren alde egiteko prest, baina burua makurtu gabe Langileen arabera, ordea, urteetan lan baldintzetan murrizketak jasaten ari dira, "behin eta berriz kolpatu gaituzte eta behin eta berriz altxatuz". Kolpe gogorrak aurreikusten badituzte ere " hoiei aurre egiteko prest" daudela azaldu dute. Azken hiru urteetan, TS Fundiciones 330 langile izatetik 145 izatera pasatu dela salatu dute, "kaleratzeen ondorio da hori". Orain urtebete, "borroka latzaren" ondoren,  enpresaren bideragarritasunerako nagusien eta langileen artean akordio bat sinatu zutela gogorarazi dute. "Akordioak akordio eta hitzak hitz momentu berezi batetara iritsi gara; konturatu gara enpresak ez duela akordioa betetzeko inolako asmorik eta bere asmoak erabat kontrakoak direla", esan dute langileek. Akordio horren ondotik ere, enpresak Lana Erregulatzeko Espedientea, gestio eza eta "enpresa ondoratze bidean jartzeko" erabaki eta neurri ugari hartu dituela salatu dute. Urteetan TS-ko beharginek "asko sufritu" dute, "kaleratzeak, soldata jaitsierak, LET-ak, larunbatetan lanera etortzera behartzea, oporretan lana egiteko txantaiak... Hori dena lortzeko, beldurra eta izua erabili dituzte". Gaur egun enpresaren "egoera tamalgarria" eta zorrak, nagusien "gestio eskasak" sortu dituela diote, "gure kezka da, enpresa honi ez zaiola interesatzen TSren etorkizuna". Hori dela eta hainbat galdera egin dute langileek: "Zein da gure etorkizuna? Non dago hainbeste lanek emandako dirua? Zertarako balio dute langileok egin behar izaten ditugun sakrifizio guztiak?".  Langileek "beti" lantokiaren alde egin dutela diote, "baina gure enpresaren alde egitea ez da kaleratzeak onartzea eta burua makurtzea. TS-ren alde egiteko prest gaude, baina ez gure eskubideak zanpatuz".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide