Igandean Memoriaren Eguna ospatuko dute Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 8a

13:00etan Arrosaleda parkean egingo dute ekitaldia eta herritarrei bertaratzeko deia egin die Zarauzko Udalak. Ekitaldiak hamabost minutuko iraupena izango du eta Bakeolak gidatuko du. Udaleko alderdi guztiek adostutako testu baten bidez jakinarazi dute giza eskubideen defentsa aktiboa, bakearen kultura, balioen hezkuntza eta elkartasunean eta giza eskubideen urraketa jasan duten biktima guztien onarpenean "erakunde eredugarria" izateko "borondate irmoa eta konpromisoa" dutela. "Hainbat arlotatik, gure herri eta hiriak aniztasunaren balioetan, herritarrak libre eta edozein indarkeria motaren biktimekin solidarioak izateko moduan hezi behar ditugu.Zentzu horretan, oinarrizkotzat jotzen dugu giza eskubideen eta biktima guztien alde lan egitea, Udalei aitortzen zaien aitzindaritza eta sustatzaile baloretatik abiatuta". Hala, biktima guztiekiko aitortzan eta giza eskubideen babesean lan egiteko konpromisoa hartu du. Ildo horretatik, berriro halakorik gerta ez dadin, oinarri etiko, zibiko eta politiko egokiak jartzeko lan egingo du. Urgentziazko mozioa Memoriaren Egunaren ospakizunaren harira urgentziazko mozioa aurketu zuten urriko plenoan EAJ, Ezker Anitza, PSE-EE eta PP udal taldeek.  Urriaren 23an Giza Eskubideen Batzorde Berezia sortu zutela jakinarazi zuten horren bitartez, eta horren helburu nagusia  herrian bakea, elkartasuna eta elkarbizitza lantzea dela. «Bakezko kultura eraiki eta bakezkoak egiten hastea da bere nahia. Horretarako iragandako gertaeren kontaketei bide eman behar zaie eta etorkizunari ikuspegi demokratikoaz heldu, kontsentsu sozial eta politikorik zabalenaz», nabarmendu zuten. Ildo horretatik, batzordearen ardatz nagusia biktima guztiak errespetuz hartzea  izango da, «giza eskubideen urraketak eragin dien sufrimenduaren esperientziara elkartasunez hurbiltzen ahaleginduz». Mozio horren bidez, Zarauzko Udalak igandean  Memoriaren Eguneko ospakizunekin bat egiteko eskatu zuen oposizioak, «ekitaldi hau aipatutako bidean aurrera egiteko lagungarri eta mesedegarria delakoan».  Aho batez onartu zuten proposamena. PPko Maria Jose Lafuentek «kontuzko gaia» dela nabarmendu zuen, eta guztiek jarri behar dutela euren aldetik aipatu helburua lortzeko. PSE-EEko bozeramale Patxi Elolak Zarautz gai horretan «eredu eta aitzindari» izan dela gogoratu zuen: «Urte askoan izugarrizko lanketa egin da gai horren inguruan herrian, eta askotariko sentsibilitetako alderdien arteko hurbilketa eman da ibilbide luze horretan». Gobernua aldatu eta lanketa hori «gelditu» egin zela salatu zuen: «Hainbat erabaki hartu dira bi urte hauetan, Giza Eskubideen Batzordea sortzekoa tartean, baina ez da bete».  Eurak, ordea, ez daudela «geldirik» nabarmendu zuen Elolak, eta oposizioa elkartu eta batzordea sortu duela jakinarazi zuen. «Behin eta berriz eskatu dugu Giza Eskubideen Batzordea sortzeko Zarautzen», ohartarazi zuen Ezker Anitzako Mariana Aranburuk. Pausorik eman ez denez, oposizioak batzordea sortzea adostu zuela esan zuen, «ordua zelako».  «Garrantzizko gaia» dela esan zuen EAJko bozeramaile Imanol Lasak, eta horregatik abiatu dutela batzorde hori. Aralarreko Aser Lertxundik Udal Gobernua gaiaren inguruan pausoak ematen ari dela jakinarazi zuen, eta guztiek egin behar dutela ahalegina. Bilduko Mikel Goenagak zioarekin ez dagoela ados esan zuen, baina garrantzitsuena mozioaren funtsa dela. Ildo horretatik, alde bozkatu zuten alderdi guztiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide