Argiteria sistema berritzen ari dira Zarauzko bi gunetan

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 8a

Argiteria berria Gipuzkoa kalean. Zarauzko Udala Herriko bi gune argiztatuko ditu aurten Zarauzko Udalak. Batetik, Gipuzkoa kaleko sistema berrituko du, Villa Munda paretik hasi eta  Jaurtakol kalerainoko eremuraino. Kale hori eta Seitximeneta eta Sanz Enea liburutegi inguruak hartzen ditu horrek. Bestetik, Abendañoko Urdanetan kalean ere egingo dituzte aldaketak. Jakinarazi dute dagoeneko hasi direla lan hori egiten, Zarautz Ehuntzen planaren baitan. Behin lehenbiziko fasea amaituta, datorren urtean ekingo diote udal langileek bigarrengoari. Fase horretan Jaurtakol kaletik Maria Etxetxiki kalerainoko argiteria berrituko dute, tartean Mateo Mujika, Etxebeste eta Gipuzkoa kaletiko zenbait gune, eta baita Abendaño kalekoa ere. Led argiak erabiliko dituzte eta aurrezteko horien intentsitatea moldatuko dute orduaren eta beharraren arabera. Gauez, trafikoa eta kalean dabilen jende kopurua murrizten den orduetatik aurrera argi gutxiago emango dute farolek, hala. Oinezko edota autoren bat hurbiltzen denean, ordea, automatikoki indartuko da argiaren intentsitatea. Udaletik adierazi dute, modu horretan kaleko segurtasuna galdu gabe kutsadura luminikoa ekidingo dela. Sistema berri horri esker, aurreko urtearekin alderatuz %88 murriztuko da Gipuzkoa kaleko argiteriari dagokion gastua, eta %73 Urdaneta bidekoari lotutakoa. Lehen fasea egiteko 85.997,1 euro bideratuko dira, eta horietatik 31.278 euro  Energiaren Euskal Erakundeak emandako laguntzekin ordainduko dituzte. 120.395 euroko aurrekontua izango du bigarren faseak, eta Energiaren Euskal Erakundean eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko dituzte 99.236 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide