Bi lagun atxilotu ditu Udaltzaingoak Zarautzen, lapurreta egitea egotzita

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 8a

Zarauzko Udalak jakinarazi du asteazkenean atxilotu zituztela biak, goiz berean Zigordia kalean izandako lapurreta bat egin izana leporatuta. Ustezko lapurretako bat berehala harrapatu zuten, Mateo Mugika eta Lapurdi kaleen arteko bidegurutzean. Gazteak 680 euro zeramatzan soinean atxilotu zuten unean. Lekukoek emandako deskribapenarekin bat egiten zuen beste pertsona bat topatu zuten udaltzainek tren geltokian. Lekukoak pertsona hori lapurretako bat zela baieztatu ondoren atxilotu egin zuten. Horrez gain, Mateo Mugika eta Lapurdi kaleen arteko bidegurutzean atzemandako gazteak botatako plastikozko poltsa bat aurkitu zuten Lapurdi kaleko edukiontzi batean. Ordenagailu eramagarria eta diruz betetako kutxa zeuden poltsaren barruan. Beste lekuko batek emandako informazioari esker, ustezko lapurretako batek botatako telefono mugikorra aurkitu zuten Lagunak erretegiaren ondoko edukiontzi batean. Ertzaintzak hartu du bere gain kasuaren ardura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide