Elkar-ekinen ekimenez bihar
Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat lelo hartuta manifestazioa egingo da, 18:30ean, Azpeitiko plazatik irtenda. Mobilizaziorako deia hainbat arlotan lanean ari diren herritarrek egin zuten irailaren bukaeran, eta ordutik hainbat eta hainbat eragilek eta herritarrek egin dute bat biharko mobilizazioarekin: zenbait erretiratuk eta gazte mugimendukoek, kirolariek, sindikatuek, merkataritzako eta gazteria elkarteek, hainbat enpresatako langileek eta enpresa batzordeek, ikasleek, eta abar.
Herritarren elkarlanetik, Azpeitiaren egoera zailari aurre egiteko «bide berriak» jorratu daitezkeela uste dute manifestuarekin bat egin dutenek. «Arazoa kolektiboa da, eta soluzioak ere kolektiboa behar du izan».
Elkarlanaren balioa aldarrikatuko dute biharko mobilizazioan. «Bizi dugun egoera iraultzeko oinarrizkoa dela uste dugu. Herri mailan alternatiba berriak eta solidarioak eraikitzea garrantzitsua dela uste dugu. Eta honekin batera, herritarren artean hain orokortua dagoen kezka kalean erakusteko beharra ere handia da».
Manifestazioaren ibilbidea
Biharko manifestazioaren ibilbidea ez da ohikoa izango. Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izateko ibilbide laburragoa egingo dute, 18:30ean herriko plazan hasi eta Sanjuandegin bukatuko dute. Ibilbidea hau da: herriko plazatik irten, Jose Artetxe eta Pablo VI. auzoetatik Sanjuandegiko biribilgunera, handik igerileku aurretik Urbitartera eta handik Jose Antonio Agirre plazara.
Manifestazioaren ondorengorako Elkar-ekinek kontzertua antolatu du. 23:00etan izango da, Sanagustin kulturgunean. Malder eta Lin ton taun taldeek joko dute.
Azken aste honetan, besteak beste, ELA sindikatuak eta Urolako CNTk bat egin eta biharko mobilizazioan parte hartzera deitu dute. ELAren arabera, «enplegu suntsiketa eta babes sozialaren gainbehera nagusitzen ari da eta, mobilizazioa da inposatutako politika horiei aurre egiteko modu bakarra». Gauzak beste modu batera egiteko aukera badaude ELAren ustez: «Baina hoiek irabazi egin behar dira, inork ez digu ezer opari emango».
«Azpeitiko herritarrak garen heinean, erantzun bateratu eta sendoa ematea ezinbesteko jotzen dugu, areagotzen ari diren pobrezia egoerak eta herritarrok jasaten ditugun murrizketei irmo erantzuteko», adierazi du Urolako CNTk.
Atxikimendua eman dutenak
- Kirolariak: Futbolariak,saskibaloikoak, pilotariak, judokak, pilotariak eta eskalatzaileak.
- Elkarteak: Bertan Azpeitiko Merkatari Elkartea eta Jauzika Aisialdiko Elkartea.
- Sindikatuak: LAB, ELA eta Urolako CNT.
- Urrestillako hainbat bizilagun.
- Gazte mugimenduko kideak.
- Enpresa Batzordeak eta langileak: Glual, Sarralle Equipos, Biele, Grupo Astigarraga, Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao.
- Azpeitiko Bilgune Feminista.