Aldundiko eta Gipuzkoako mankomunitateetako ordezkariak, hitzarmenak sinatu ostean.
200.000 euroko diru laguntza emango du Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoan konpostatzea sustatzeko. Laguntza hori zortzi udal elkarteen artean banatuko du: Debabarrenekoa, Debagoienakoa, Sasietakoa, Urola Erdikoa, Urola Kostakoa, Tolosaldekoa, San Markokoa eta Txingudikoaren artean, alegia. Ostegunean sinatu zituzten hitzarmenak Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta mankomunitate horietako lehendakariek. Leire Etxaniz eta Amaia Guruzeta bertan izan ziren Urola Erdikoa eta Urola Kostako mankomunitateen izenean, hurrenez hurren. Akordio horrekin udal elkarte bakoitzak 25.000 euro jasoko ditu, konpostatzea sustatzeko.
Hitzarmen horiek enplegu berdea sortzearekin "estu" lotuta daudela nabarmendu dute Aldunditik. Hondakinen kudeaketa eta tratamendua "interes handiko arloa" da Gipuzkoan, eta bertoko erronkak "aukera bihurtu" behar dira zuzenean edo zeharka enplegua sortzeko. Enplegu berdeek enpresen eta sektore ekonomikoek ingurumenean duten eragina murrizten dute "maila iraunkorragoak lortu arte", eta energia, lehengai eta uraren kontsumoa murriztu, berotegi efektuko gas isurpenak gutxitu eta kutsadura eragozten dute. Hain zuzen, horregatik erabaki du Aldundiak hitzarmen horiek sinatzea, mankomunitate horien etxeko eta auzo konpostatze plangintza eta kontrol eta jarraipen jarduerak sustatze aldera.
Konpromiso "eraginkorrena"
“Konpostatzea oso onuragarria da ingurumenarentzat eta baita hondakinak eraginkortasun eta arrazionaltasun handiagoaz kudeatzeko ere", nabarmendu zuen Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak: "Gipuzkoan milaka familiak egin dute hautu hori etxean konpostatuta edo auzo konpostatze sistemen bitartez, eta Foru Aldundiari, mankomunitateei eta udalei apustu hori laguntzea dagokigu. Izan ere, familia horien guztien ahaleginari esker, ehunka kilo organiko berrabiltzeko moduan jartzen ditugu, hondakinen ohiko katean sartu gabe eta baliabideak aurreztuta". Ildo horretatik, konpostatzearen aldeko apustua iraunkortasun irizpideak kontuan hartuz gero, herritarrek eta instituzioek hondakinen alorrean har dezaketen "konpromisorik eraginkorrenetako bat " dela adierazi du Errazkinek.
Hitzarmenek, ordea, badute beste alderdi bat. “Ulertu behar dugu ingurumenaren aldeko jarduna sektore ekonomikoa dela, eta aberastasuna eta lanpostuak sortzen dituela, iraunkortasunez sortu ere. Foru Aldundiak argi du ekonomia berdea aukera dela Gipuzkoan -are aukera handiagoa krisi garai honetan-. Hondakinen edo energiaren alorrean lan egin eta proiektu eraginkorrak sustatuz gero, gipuzkoarren ongizatea lagunduko dugu. Dirulaguntza ildo honek helburu hori du”, gaineratu du. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak ardatz horretan sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartu du.