Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Fagor Etxetresnak gaur hartzekodunen konkurtso legean sartuko da, baina ez Grumal (juridikoki independientea da). Baina Fagorren jabetzako enpresa da, eta bere erorrerak bide berera eramango duen beldur dira Gipuzkoako diputazioan. Grumal laguntzea aztertzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia.
Herenegungo bilera «hotz eta jendetsua» izan zen Mondragon taldeak, Fagor Etxetresnakek, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Debagoieneko alkateek, Basauriko alkateak eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak Lakuan egindakoa. Fagor Etxetresnen porrotak eragingo dituen langabeei erantzuteko «konpromiso irmoa» duela jakinarazi zuen Mondragonek, eta 1.000-1.200 bazkideri irtenbidea emateko lanean «buru-belarri» ari dela esan zuen. Bazkide ez diren langileekin, ordea, ez du konpromisorik hartu Mondragonek, ezta Basauriko Edesa eta Azpeitiko Grumal enpresako langileekin ere.
Bilera ondorengoak
Grumal hartzekodunen konkurtsoan ez dela sartuko jakiteak Azpeitiko enpresan «argi izpi bat» sortu duela azaldu du gaur Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaileak. «Fagor hartzekodunen lehiaketan sartzeak Grumal ez duela zertan bide beretik eraman jakin dugu bilera ostean, eta horrek Azpeitiko enpresa salbatzeko aukera sortu du». Horrez gain, «dagokion ardura bere egiteko» eskatu dio Olanok diputazioari, «Grumalek martxan jarraitzeko, eta prozesu hau guztia ondo buka dadin».
Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok aldundiak Grumal babestea ez duela baztertzen esan du gaur Radio Euskadin. «Baina seriotasunez eta erantzukizunez jokatuko dugu. Lanean ari gara, eta ez dugu oinarririk gabeko pausorik eman nahi.
Ez dut estetikaren tentazioan erori nahi». Grumalen bideragarritasuna aztertzeko Fagorrekin harremanetan daudela gaineratu zuen.