Adituen iritziz, ezintasun fisikoak dituzten pertsonentzat «onuragarria» da itsasoan bainatzea. Alde batetik, uretan aske sentitzen direlako, eta zenbait kasutan galduta izaten duten mugimendu sentsazioa berreskuratzen dutelako, eta, bestetik, itsasoko urak osasunarentzat propietate oso onak dituelako. Hori jakinda, ezintasun fisikoak dituzten pertsonak lasai eta eroso Malkorbe hondartzan baina daitezen bainu egokiturako zerbitzua hobetu dute udan, Kutxaren Gizarte Ekintzaren eta Eroskiren laguntzarekin. Getariako Turismo Sailetik jakinarazi dutenez, «oso gustura» daude emaitzarekin. «Gurutze Gorriak sorosle bat gehiago izan du ezintasun fisikoak dituzten pertsonei zuzenduriko bainu egokituko programa indartzeko, eta emaitza oso ona izan da», azaldu dute.
Bainu egokituaren zerbitzua osatuta, erabiltzaile kopurua nabarmen handitu da, gainera. «2012. urtean 146 bainu zerbitzu eman zituzten, 124 bainu aulki anfibioarekin, eta 22 makulu anfibioen laguntzaz. 2013. urtean ostera, 211 zerbitzu eman dira, 168 aulki anfibioa erabiliz, eta 43 makuluen laguntzaz», zehaztu dute.
Bainu egokiturako zerbitzua Getariako eta eskualdeko herritarrek erabiltzeaz gain, Euskal Herritik eta Espainiatik etorritako ezindu fisikoek ere erabili dute. «Batez ere kanpotik etorri diren erabiltzaile asko taldean etorri dira».
«Zenbaki hutsen gainetik, bainu egokituaren helburu nagusia bete da», dio Getariako Udalak. «Ezintasun fisikoren bat duten pertsonek hondartzaz eta itsasoaz gozatzeko aukera izatea da programaren asmoa, pertsona horien gizarteratzean eta ongizatean laguntzeko. Eskaini diguten irribarrea izan da ordainik onena».
Getariako Udalak eta Gurutze Gorriak eskerrak eman dizkiete Kutxaren Gizarte Ekintzari eta Eroskiri, zerbitzu hau indartzea eta garatzea posible egin dutelako.