Eneko Larrañaga: "Sormenaren bitartez nire kutsua eman diot koraren doinuari"

Aritz Mutiozabal 2013ko azaroaren 7a

(Argazkia: Enekora) Eneko Larrañaga (Zestoa, 1982) da, eta kora izeneko arpa afrikarra jotzen du. Horratx Enekora hitz-jokoa. Horra Enekora proiektuaren jatorria. Berriki estreinako diskoa eman du argitara, Txalapart Ekoizpenak etxearen ba­besean, eta Kora izpiak izenburua jarri dio. Bihar, ostirala, izpi horiek zuzenean aurkeztuko ditu laukote formatuan, Zumaiako Aita Mari aretoan, 22:00etan hasita; kon­tzertua doakoa izango da. Kora izpiak jarri diozu izenburua estreinako lanari. Kora bera argia bezala irudikatu nahian? Izpia musikak ematen duen energia da. Musikak igortzen didan bizia, eta koraren gozotasuna, izpi atsegin bat bezala da. Hori horrela, metafora gisa erabili dut. Koraren izpiek, behintzat, sorginduta utzi zituzten duela zazpi urte. Hala da, bai. Duela zazpi urte ezagutu nuen kora musika tresna, eta niretzat ezusteko ederra izan zen. Txikitan ahotsa eta gitarra landu nituen, eta, ondoren, Ttakunpa taldean perkusio afrikarrarekin aritu nintzen. Hain justu ere, perkusio tailer batean ezagutu nuen kora, eta benetan txundituta utzi ninduen sorrarazten zuen doinu gozoak. Espresibitate handiko musika tresna zela konturatu nintzen berehala. Harrezkero, korarekin trebatu zara eta hainbat emanaldi ere egin duzu. Noiz hasi zinen diskoa egiteko ideiarekin bueltaka? Duela urte pare bat hasi nintzen diskoan pentsatzen. Baina iaz heldu nion serio gaiari, eta orduan hasi nintzen diskoa prestatzen, abestiak bukatzen eta grabatzeko prest nengoela sentitzen. Jada diskoa buruan neukan, eta jakin banekien zein abestik osatuko zuten eta nola grabatu nahi nituen. Diskoa rara avis bat da euskal musikagintzan. Horretaz jabetzen zara, ezta? Bai, zalantzarik gabe. Oso gauza kuriosoa da; lehenik eta behin, arpak ez direlako ohikoak eta, bestetik, arpa mota hau nahiko ezaguna delako. World music edo etnikoa jarraitzen duen norbaitek ezagutuko du, baina oro har kora musika tresna arrotza da. Bestalde, ez da kora afrikarreko disko arrunt bat, baizik eta euskaldun batek interpretatutakoa eta eusaraz abestutakoa. Musika tresna senegaldarra da, erabat tradizionala. Baina zuk ikuspegi garaikidea eman nahi izan diozu. Hori da. Nire egindako musika da, eta ikuspegi pertsonala du. Musika tresna bera ere tradizioz ikasi beharrean, nire kabuz ikasi dudalako. Jotzen eta sortzen joan ahala, alegia. Bakarka ikasita, eta nire sormenen bitartez, nire kutsua eman diot koraren doinuari. Horrez gain, abesterakoan ukitu berezia dut, eta lagungarri izan ditudan perkusioak nahiko material organikoz eginak badaude ere, ikuspegi garaikidea edo modernoa du diskoak. Diskoan bildu dituzun abestiak sormen propiokoak eta jatorrizkoen moldaketak dira. Bien arteko uztarketa bilatu nahi izan al duzu? Oro har, nik sortutako abestiak jaso ditut. Kora jotzen ikasteko asmoz jotzen nituen tradizioko abestiak ere badaude, baina ikasten joan naizen heinean, nire egin ditut, ñabardurak gehituz eta nire ukitua emanez. Birmoldatu egin ditudala esango nuke. Dena den, nire bideari heldu badiot ere, tradizioari ere erreparatu diot. Abesti batzuk instrumentalak dira, baina gehienak euskaraz dituzu, bat izan ezik: Sanu abestian mandigaz abesten duzu. Ezinbestekoa iruditu al zaizu jatorrizko hizkuntza barneratzea musika tresna hau nondik datorren erakusteko? Ikasten aritu nintzen lehen abesti tradizionala izan zen Sanu. Ez dut afrikar hizkuntza sartu beharrezko ikusten nuelako. Abesti hori hasieratik jotzen nuenez, egokia iruditu zitzaidan diskoan barneratzea. Baina poza ematen dit diskoan entzuten den lehen ahotsa afrikarra izatea, eta ondoren euskara. Horrek Enekoraren musika nondik datorren eta nora doan erakusteko balio du. Bizia, hegalari, bidaia, bakea, maitasuna... Izenburuetan irakurri daitezken hitzak dira. Gai unibertsalez ari zarela dirudi. Hala al da? Ez nituen aldez aurretik zehaztu abestien gaiak. Gainera, ni kanta-idazle baino gehiago musikaria naiz, konpositorea. Musika da egiten dudan lehena, eta doinu horrek esaten didanak inspiratzen nau. Beraz, ahots melodiekin hasten naiz jolasten eta zehazten, eta horren gainean idazten dut. Koraren energia gozoa  batzuentzat espirituala da; besteentzat bihotzaren energia. Nik ez dakit hori zehazten, baina nire abestiak gozotasun horren ingurukoak dira, eta jorratezn ditudan gaiek ere joera hori dute. Enekora bakarlari izatetik talde izatera pasatuko da emanaldietan... Diskoan agertzen dira musika tresna guztiak nik neuk grabatu nituen, baina zuzenekoetara talde formatuan aurkeztea zen nire ideia. Hori horrela, musika laukotea osatu dugu: Mikel Aveiro eta Adrian Larrañga perkusio-jotzaileak, Hanni Insausti abeslariak eta nik. Era berean, Jon Manterolak irudiak proiektatuko ditu gure emanaldietan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide