Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoako Udalak Serbitzu enpresarekin kale garbiketarako kontratua moztu ondoren, lanik gabe gelditu ziren bi langileak ez zituela udalak subrogatu behar ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Hala, udalari arrazoia eman dio auzitegiak, Donostiako lan arloko epaitegiaren ebazpenari helegitea jarri ondoren. Horren berri emanez oharra kaleratu zuen atzo Zestoako Udalak.
Aurtengo urtarrilaren 1ean Serbitzu enpresarekin zuen kontratua eten egin zuen Zestoako Udalak, eta ondorioz bi kale garbitzaile lanik gabe geratu ziren. Langileek eta ELAk Zestoako Udalaren aurka salaketa jarri zuten, eta Donostiako lan arloko epaitegiak arrazoi eman zion ELAri, kaleratzeak «bidegabeak» izan zirela ebatziz. Honen aurrean, udalak helegitea jarri zuen ekainean. Azkenean afera EAEko Auzitegi Nagusiko lan-arloko aretora iritsi da, eta honek Zestoako Udalak ez zuela kalean gelditutako bi langile horiek subrogatu beharrik ebatzi du.
2008ko otsailaren 28an Zestoako kale garbiketa Serbitzu enpresaren esku uztea erabaki zuen Zestoako Udalak. Enpresaren
eta udalaren arteko hitzarmena 2012ko azaroaren 20ra arte luzatu zuten. Baina ondoren udalak azpikontratatazioa etetea erabaki, eta herriko kale garbiketako lanak udalak bere gain hartu zuen.
Ardura, Serbitzurena
Herriko kale garbiketa lanak udalak bere gain hartzeko, 2012ko ekainaren 5ean lan poltsa bat osatzeko deialdia egin zuen, eta bi urteko lan kontratua izango luketen bi langile kontratatzeko konpromisoa hartuta. Udalak azaldu duenez, orduko lan poltsa osatzeko deialdira ez ziren aurkeztu Serbitzurekin kontratua eten ondoren langabezian gelditutako bi langileak.
Udalak ateratako oharrean salatu duenez, «lehen momentutik, langileen arazoa udalaren bizkar gainean jartzen ahalegindu zen Serbitzu, baina EAEko Auzitegi Nagusiko lan-arloko Salak garbi adierazi du udala ez zegoela behartuta lanik gabe geratu ziren bi langileak subrogatzera, kale garbitzaileen hitzarmen kolektiboak ez baitu eraginik udalaren konpetentzia eremuan». Udaleko arduradunen esanetan, ebazpenean «garbi» adierazten da kale garbiketa zerbitzua enpresa pribatu baten esku uzte soilagatik udala ez dela azpikontratatutako langileen enpresaburu bihurtzen.
Udalak argitu duenez, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak dio «kaleratutako bi langileon ardura Serbitzu enpresarena zela, udalak lehen momentutik defendatu zuen jarrerari arrazoia emanez, eta hauek berriro kontratatzera edota indemnizatzera behartzen du enpresa». Hain zuzen, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena Donostiako lan arloko epaitegiaren sententziaren aurkakoa izan da. Izan ere, subrogarazioaren gaineko ardura Zestoako Udalak zuela ebatzi zuen auzitegiak, eta Serbitzu absolbitu egin zuen.
Udalak berretsi du langileak berak kontratatzearen ildoari jarraitzeko borondatea duela.
ELAren jarrerari kritika
Bestetik, kale garbiketako zerbitzuaren eta langileen inguruan izandako aferan ELAk hartutako jarrerarekin kritiko azaldu da Zestoako Udala atera duen oharrean. «Bi langileak lanik gabe geratzeak sor lezakeen amorruaz jabetuta, ELAk Udalaren aurka izan zuen jarrera arduragabea —ikatza utziz udaletxearen ate aurrean, hainbat langile irainduz, udalaren aurkako pankartak jarriz...— salatu nahi dugu». Horrez gain, epaitegiak hitz egin ondoren «erantzunkizunak eskatu» ditu udalak.