Koadrila Egunaren balorazio "oso positiboa" egin du Zarauzko Udalak

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 7a

Haurrak zezen mekanikoan. Aiora Larrañaga
Antolatzaileek pasa den ostegunean egin zuten Koadrila Egunaren balorazio bilera. Oro har, "oso gustura" daude emaitzarekin: eguraldia lagun, egitarauak "oso modu onean" funtzionatu zuela nabarmendu dute. Goizeko ekitaldiek "arrakasta handia" izan zuten, eta koadrila askok hartu zuten parte. Horrez gain, goizean haurrentzat jarritako puzgarriek ere harrera "oso ona" izan zuten, eta baita arratsaldean Munoan egindako disko-festak ere. Sorturiko giroa ikusirik, datozen urtetan ere jende gehiago animatuko dela aurreikusi dute.
Aurtengoan "inoiz baino argiago" geratu da Koadrila Eguna ez dela soilik gazteentzako jaia, gazteek herritar guztientzat antolatzen duten festa baizik. Horregatik, datozen urteetan gazteekin batera antolaketan parte hartzeko deia egiten diegu horren gazte ez direnei ere, festarekiko bestelako ikuspegiak aintzat hartu eta hauen beharrak ere asetzeko.
Antolakuntzari dagokionean, udalak onartu du berandu hasi zirela prestaketa lanak. Hori aldatzeko, datorren urtean Koadrila Eguna irailean antolatzen  hasteko asmoa azaldu du.
Dena den, udalak aurtengoan lanean jardun duen gazte taldeak egindako lana "oso positiboa" izan dela aitortu du, eta datozen urtetan ere elkarlanean jarraituko  dute bi aldeek.
Zarauzko Udalak eskerrak eman nahi dizkie egun hori aurrera atera zedin lagundu dutenei. Aurtengoan lanean ibili den gazte koadrilari, eta baita aurreko urteetan egun hau antolatzen bere alea jarri duten talde guztiei ere: Iñurritzako Jai Batzordea, Gurekin Jai eta SKAPAko kideei eta gaibontzeko guztiei. Bereziki aipatu  du Xabi Vazquez, "hartutako ardurengatik eta lanean emandako ordu guztiengatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide